ELAk gaitzetsi du Geroa Bairen eta Bilduren proposamena, Polizien Foru Legearena

2018/05/29
Proposamenak barne hartu dituen alderdien artean malgutasun-neurriak, soldata-desberdintasunak —etorkizuneko foruzainen kaltetan—, eta arrazoirik gabeko osagarriak daude Barne Departamentuak 2017ko azaroan egin zituen pribatizazioak eta murrizketak ez dira akordio horren bidez lehengoratuko

Azken asteotan, Polizien Foru Legea adosteko asmoz, Geroa Bairekin eta Bildurekin izandako elkarrizketen eta bileren ondotik ELA-Foruzaingoaren Atal Sindikalak hurrengo adierazpenak egiten ditu:

 

  • ELAk proposamena gaitzetsi du, hurrengo atal hauek barne hartu dituelakotz: malgutasun-neurriak, bereizketak soldatetan —halako soldata-eskala bikoitza sortuko dutenak— (proba fisikoen diru-konpentsazioa mantenduko da oraingo foruzainendako, baina ez sartu berriendako), arrazoirik gabeko osagarriak, lanpostuan irauteko balioespen subjektiboak, eta egutegiak alde bakarretik aldatzeko aukera.

  • Alde horretatik ELAk azpimarratu nahi du ELAren, CCOOen eta UGTren artean adosturiko eskakizun gehienak baztertuak izan direla APF/SPF korporazio-sindikatuen aldetik (Geroa Bairekin eta Bildurekin akordio bat lehenago sinatu baitzuten), Barne Departamentuaren aldetik edo bien aldetik.

  • Halaber, ELAk salatu duenez, proposamen horren bidez ez dira lehengoratuko Barne Departamentuak 2017ko azaroan egindako pribatizazio eta murrizketak. Oroitu beharrekoa da erabaki haren ondorioz hainbat zerbitzu eta lantalde ezabatu zirela, eta foruzainen ordez segurtasun pribatuko zaintzaileak jarri zirela Belosoko polizia-etxean. Izatez, UPNren gobernuen politika-ildo beretik doa: zerbitzu publikoak kentzea, enpresa pribatuen mesedetan.

 

Azalduriko guztiagatik ELAk proposamena gaitzetsi du, sindikatu honek egindako eskakizunak jaso ez dituelakotz, eta legealdi honetan bertan egindako pribatizazioak eta murrizketak lehengoratu ez dituelakotz.