ELAk galdatzen dio Nafarroako Gobernuari Madrilgo eskusartzeei uko egiteko, eta Mahai Orokorreko gehiengo sindikalak errespetatzeko

2018/12/19
LAB, CCOO eta UGT ezin dira agertu autogobernuaren zaintzaile gisa, urrian uko egin baitzioten, %0,3ko akordioa sinatu zutenean

ELAk tinko eskatzen dio Nafarroako Gobernuari autogobernuaz behingoz baliatzeko, Madrilgo eskusartzeak ukatzeko, eta Nafarroako gehiengo sindikalekin negoziatzeko. Denok gogoan dugunez, joan den urrian LABek, CCOOek eta UGTk Nafarroako Gobernuarekin akordio bat egin zuten, pertsonal publikoaren soldataren %0,30eko igoera gehigarria nola banatuko zen xedatzeko.

Igoera gehigarri hori Madrildik ezarrita zetorren, PPren gobernuaren, CCOOen eta UGTren arteko akordioaren ondorioz. Egia da erratea igoera hori Nafarroan banatzerakoan ELAren betiko eskakizun batzuk hartu zirela kontuan (E maila kentzea, administrari-laguntzaileak administrari bihurtzea, Hezkuntzako zaintzaileak, eta abar), baina ez da egia gutxiagokoa bertze hainbat negoziatu gabe geratu zirela baieztatzea. ELAk ez zuen akordioa ontzat eman, horregatik eta Madrildik ezarria etortzeagatik, Nafarroako Mahai Orokorra ordezkatzen ez duten gehiengoen babesaz etortzeagatik.

Labur bilduz eta funtsean, Nafarroako aurrekontuen superabitaren soberakina banatu behar zen, baina PPren gobernuak uzten zigun neurrian soilik. Autogobernuaren ukazioa, alegia. Gainera, lau urtera begirako akordioa zen, aurrekontuen legearen baldintzapean, eta gainera litekeena zen ezta betetzera ere ez iristea, akordioaren indarraldi osoan negoziazioa arriskuan jarriz.

Orain, PSOEren gobernuak akordioa deuseztatzeko mehatxua egin du, berriz ere nork erabakitzen duen frogatuz: Madrilen erabakitzen da zenbat diru banatu behar den, eta nola banatu behar den. Eta foru gobernuak soil-soilik bertze mahai batzuetan egindako akordioak betetzen ditu. Urriko akordioa sinatzeko baldintza PPk ezarritako defizit publikoa betetzea zen, eta orduko hartan LABek, CCOOek eta UGTk ontzat eman zuten; oso egintza larria zeren zuzen-zuzenean autogobernuaren aurka baitoa. Beraz, sindikatu horiek ezin dira orain agertu erabakitze-ahalmenaren zaintzaile gisa, akordio hura sinatzean erabakitze-ahalmenari uko egin baitzioten.

ELAk galdatzen dio Nafarroako Gobernuari autogobernuaz baliatzeko, gehiengo sindikalak errespetatzeko, eta indarrezko ezarpenak alde batera utziz akordio bat negoziatzeko, non Administrazioko langile guztien baldintzak hobetu behar diren, orain arte egindako murrizketa guztiak lehengoratuz eta behin-behinekotasuna plantilla guztietatik errotik kenduz.