ELAk galdegin du Foruzaingoaren eskumen osoa negoziatzea, oinarritzat 15/2015 Legea hartuta

2017/09/28
ELAk gogoratu du lanaldiaren arazoa Beaumont kontseilariak sortu zuela, UPNren garaiko arduradun polizialen eskariz 79/2016 FDa erabaki zuenean Negoziazio kolektiboari eta lan-eskubideei zor zaien errespetu demokratikoa medio Gobernuak legegaia erretiratu egin behar du, ez baitauka bat ere babes sindikalik

ELAren ustez Mahai Sektorialean negoziazioa hasi behar da oinarritzat 15/2015 Legea hartuta; helburua litzateke Nafarroak bere gain eskumen gehiago hartzea, eta hori gertatu ahala, beste indar polizialen presentzia gutxitzea. Gobernuak Polizien Lege berri bat ezarri nahi duelarik, ELAk nabarmendu du atzerapauso handia litzatekeela: polizien lan-baldintzak okertuko lituzke, malgutasuna areagotu eta erabaki arbitrarioei eta adiskidekeriari atea ireki. Horregatik, oraingo legegaia erretiratu egin behar dute.

ELA ez dator bat Parlamentuko zenbait taldek esan dutenarekin; hauen arabera 15/2015 Legearekin Foruzaingoak atzera egin du. Haatik, lege hari esker soldata-masaren banaketa zuzenagoa iritsi zen, nahierarako erabakiak amaitzea eta, hein batean, UPNk urte askotan inposatutako eredu poliziala desegiteko ere lagungarri izan zen.

Arazoa ez da berez 15/2015 Legea, baizik aurrerago Beaumont kontseilariak erabaki zuen araudia (79/2016 FD), legea bera zapuzte aldera. Foruzaingoaren Lanaldiei buruzko Araudi horren eta kudeaketa ezin okerrago baten ondorioz, Elizondoko eta Altsasuko komisarietan ez dago poliziarik.

Barne sailak berak legeari egin zion boikota ulertzeko kontutan izan behar da 15/2015 Legea lantzen ari zen bitartean UPNren garaian Foruzaingoko buruzagi izan zirenak mobilizatu egin zirela hari aurre egiteko; nabarmendu egin ziren horretan egungo Barne zuzendaria eta Foruzaingo burua. Hain zuzen hauetxek dira legearen onuradun nagusiak, batez ere ordainsariei dagokienez.

Parlamentuan eta sindikatuen aldetik babesik ez lortu izanak Gobernuari eta sostengua eman dioten bi alderdiei beren hutsegiteez gogoeta eginarazi beharko lieke. ELAren iritziz kezkatzekoak dira Beaumont kontseilariaren adierazpenak, ordezkaritza eta legitimitate sindikalak bost axola baitiote. Sindikatu honek kontseilaria ohartarazi nahi du hau ez dela adostasun kontua, gehiengoena baizik, hots, funtsezko oinarri demokratikoa.

ELAk nahi du Foruzaingoak garapen betea izan dezan, eta Gobernuari gogoratu dio ezin dela onartu poliziak zabaltzeko helburua lan-baldintzak okertuta eta behar besteko baliabiderik gabe. Horretarako, Gobernuak lantaldea gehitu behar du, LEP bidez, baina bestalde Estatuari Nafarroaren eskumenak diren horiek ere exijitu behar dizkio.