2025 MAIATZAREN LEHENA

ELAk gastu militarra handitzearen eta gerra industria sustatzearen aurka egiteko eskatzen die alderdiei

2025/05/01
ELAren Maiatzaren Leheneko manifestazioa Iruñeko Erorien monumentuaren eraispena simulatzen duen ekintza batekin hasi da. Imanol Pascualek (ELAren Nafarroako koordinatzailea) eta Saioa Urrizak (Eskualdeko arduraduna) Nafarroarako LGS propio bat aldarrikatu dute.

ELAk Maiatzaren Lehena ospatu du Bilbon eta Iruñean eginiko manifestazioetan, 'Gutxieneko soldata hemen erabaki' lelopean. Beste erakunde batzuekin batera, udaberri honetan egiten ari den kanpainaren aldarrikapena da aurtengo Maiatzaren Lehenaren mezu nagusia, hain zuzen ere, lelo argia eta zuzena. Duela hilabete batzuk iragarri bezala, ELAk LGS 1.795 euroan finkatu du aberastasuna modu bidezkoagoan banatzeko. Izan ere, milaka langile daude ez dutenak soldata hori jasotzen, ezta parekorik ere, bereziki sektore feminizatuetan eta arrazializatuetan.

Lan baldintza okerrenak dituzten pertsonen soldata hobetze aldera, lanbide arteko akordioa sinatzea proposatu zaie CEN, UGT eta CCOO erakundeei, Nafarroak lanbide arteko gutxieneko soldata propioa izan dezan. Baina CEN, UGT eta CCOO bat etorri dira aukera hori baztertzeko, elkarrizketa sozialaren barruan negoziatu nahi duten gaia dela argudiatuta.

Pascualek eta Urrizak azpimarratu dute ELAk ez duela onartuko patronalak, UGTk eta CCOOk LGS propioa lortzeko aukera baztertzea. Horregatik, beste sindikatu batzuekin batera, sinadurak bilduko dira Nafarroako Parlamentuak eska dezan LGS hemen erabakitzea. LGS propioaren aldeko borrokak eztabaida sakonagoa azaleratzen du: nork erabakitzen du gure bizi eta lan baldintzei buruz? Errealitatea argia da: lan, pentsio, gizarte-babes arloetan legedi gehienak Madrildik gailentzen jarraitzen du.

 

Pobreziak gora egin du Nafarroan nahiz eta ekonomia hazi

UPN Nafarroako Gobernutik atera zela 10 urte bete direnean, Nafarroako arazo nagusietakoa aberastasunaren banaketa bidegabea izaten jarraitzen du. Iaz ia bi puntu hazi zen Nafarroako ekonomia, eta aldi berean pobrezia arriskuan dauden pertsonen kopurua 96.000tik 114.000ra igo zen. Barkosen Gobernuak eta Chiviterenak botere ekonomikoei aurre egin ez dietelako eta ezkerreko alderdiek erreforma fiskala egiteari bati uko egin diotelako gertatu da hori.

 

Euro bakar bat ere ez gastu militarrerako

Maiatzaren Lehenean, ELAk belizismoaren eta gastu militarraren gorakada ere salatu du. Igoera honek murrizketak ekarriko ditu zerbitzu publikoetan. Horregatik, ELAk errefusatu egiten du Chivite Presidenteak deriba militaristari emandako babesa.

Gainera, belizismoaren gorakada eskuin muturrak baliatzen du gorroto diskurtsoak zabaltzeko. Eskuin muturraren aurka borrokatzeko, 36ko Kolpe Militarrean Nafarroan hildako 3.000 pertsona baino gehiagoren memoria historikoa berreskuratzea ere bidezkoa dela uste du ELAk, eta elkarte memorialisten etsipen eta haserrearekin bat dator, PSNk, Geroa Baik eta EH Bilduk Iruñeko Erorien monumentua ez eraisteko lortutako akordioaren aurrean. Horregatik, manifestazioaren hasieran Estatu osoko bigarren monumentu faxista handienaren eraispena irudikatu da ekintza baten bidez.