ELAk Gobernuari eskatu dio CEN, UGT eta CCOOekin egindako hitzarmenak eta emandako diru-laguntzak berrikusteko, UAGNri emandakoen sistema berbera erabili delako

2017/05/09
UAGNren kasuak Nafar Lansarek formakuntzarako emandako diru-laguntzak ez direla sekula ikertu erakusten du

ELAk ontzat jotzen du UAGNren espedienteak berrikusteko Nafarroako Gobernuak egindako iragarpena. Zentzu horretan, ELAk Gobernuari eskatu dio berrikuspen hori Nafar Lansarek sistema berdinarekin emandako gainontzeko hitzarmen eta diru-laguntzetara ere zabaltzea. Hau da, CEN, UGT eta CCOOekin egindako hitzarmenak eta emandako diru-laguntzak ere ikuskatzeko.

ELAren iritziz ulergaitza da, iruzur zantzu larriak daudenean eta ikerketa judiziala martxan denean, sistema berbera erabilita eman diren gainontzeko espedienteak ez berrikustea. Kontuan izan behar da ere, Fundagron, ikertua izaten ari den UAGNren fundazioan, eta diru-laguntza hauek jaso dituzten beste erakunderen batean, zuzendari berdinak egon direla.

UAGNren espedienteak berrikusteko Gobernuak egindako iragarpenak, orain arte berrikuspenik ez dela sekula egin erakusten du. Izan ere, Kontuen Ganberak ere ezin izan du epaitegietan ikertzen ari dena sekula aztertu. Hau da, oarin arteko UPN eta PSNren Gobernuek sekula egin nahi izan ez duten eta Kontuen Ganberak sekula egiterik izan ez duen berri berrikuspena da.