ELAk Nafarroako gobernuko lau alderdiei eskatu die Polizia Lege berriaren aurka bozkatzeko

2017/10/18
ELAren iritziz, Nafarroako Polizia Lege berria atzerakoia da, foruzainen lan-baldintzak okertuko ditu, eta, gainera, desberdintasuna sustatuko du. Onartezina da froga fisikoak gainditzearen partez ordaindu ahal izatea, eta denboraren aukera egiten duenari froga fisikoak urtero gainditzeko beharra ezartzea.

ELAk gobernuko lau alderdiei eskatu die Polizia Lege horren aurka bozkatzeko, foruzainen lan-baldintzak nabarmen okertuko dituelakoan, eta oraingo foruzainen eta promozio berrien artean arraildura bat irekiko duelakoan. Onartezina da proba fisikoak egin behar izatearen ordez diru-kopuru bat hartzea; baina, denborarekin trukatuz gero, probak egin behar izatea. Halaber, erabat onartezina da promozio berriei diru-trukea bakarrik eskaintzea, eta ez ematea denborarekin trukatzeko aukera.

Legeak on egiten die soilik goi-kargudunei, ELAk gogora ekarri nahi du Foruzaingoko goi-kargudunak izan zirela 15/2015 Legearen aurka azaldu zirenak; batik bat, oraingo Barne zuzendaria eta Foruzaingoko oraingo burua. Eta horiexek dira, hain zuzen, lege honen benetako onuradunak, batez ere lansariei dagokienez.

ELA ez dator bat parlamentuko zenbait talderen baieztapenekin, 15/2015 Legearen eraginez Foruzaingoa atzera bildu dela diotenean. Lege horri esker soldata-masa modu bidezkoagoan banatzea lortu zen, eta UPNk urtetan izan zuen polizia-eredua desegiten lagundu zuen, neurri batez.

ELAren apustua Foruzaingoaren osoko garapenaren aldekoa da, eta oroitarazten dio gobernuari ezin dela Foruzaingoa gehiago hedatu, behar diren baliabideak izan gabe eta lan-baldintzen kontura. Horretarako, gobernuak plantilla ugaldu behar du EPEen bidez, eta Nafarroari dagozkion berezko eskumenak lortzeko Estatuarekin lehiatu.