ELAk greba-dei berriak egin ditu Icer Rail enpresan

2019/04/10
ELAk UGTren jokabidea salatzen du, beti enpresaren interesen alde jokatu baitu.

Icer Rail Iruñako Agustindarren industrialdean dago, trenetako balaztak ekoizteko jardueran dihardu, eta 160 langile aritzen dira lanean bertan. Nazioarteko enpresa da, eta etekin itzelak ditu (5 milioi 2017an, gainera azken 3 urteotan akzionistei 10M euro banatu die).

Negoziazioaren kronologia:

  • 2018ko hasieran lehengo Enpresa Batzordeak (2 UGT eta 1 independente) negoziazioari ekin zion, plantillaren soldaten parekatzea lortzeko asmoz. Alde horretatik, enpresan 3 soldata-eskala daudela nabarmendu behar da.
  • 2018ko irailaren 18an lehengo Enpresa Batzordeko UGT-ordezkariek aurre-akordio bat itxi zuten enpresarekin. Baina aurre-akordio horren edukia Estatuko Kimika-Hitzarmenarena baino txarragoa zen, eta bulegoetako pertsonalari on egiten zuen, ekoizpeneko pertsonalari kalte egitearen kontura.

  • 2018ko irailaren 24an, biltzar batean UGT-ordezkariek aurre-akordioaren edukiak langileei azaltzen zizkieten bitartean, ekoizpeneko lankideen lan-baldintzak okertzen zirela ohartu omen ziren, eta aurre-akordioa sinatu izanaz damutu.

  • 2018ko azaroaren 15ean UGTko Zuzendaritzak, ordezkarien borondatearen gainetik igaroz, aurre-akordioaren edukia aplikatzea adostu zuen enpresarekin, eta hauteskunde sindikalekin batera antolatu zuten dena.

  • 2018ko abenduaren 21ean bertze hauteskunde sindikal batzuk egin ziren, eta UGTk 5 ordezkari lortu zituen, eta ELAk, aurkeztu den lehen aldia izan arren, 4 ordezkari.

  • 2019ko urtarrilean, enpresak lankide bat kaleratu zuen modu arbitrarioan, diziplina-kaleratzea bailitzan. Gainera, enpresak "lan-baldintzen aldaketa nabarmen" bat jakinarazi zuen, bosgarren txandarendako produkzioan ez zeuden langileentzako.

Hori horrela, Icer Rail-eko langileak antolatu ziren, eta enpresari buru egitea erabaki zuten. Azkenaldian enpresako lan-giroa ezin txarragoa da, enpresak agintekeriaz jokatzen du, lan-osasunaren arazoak konpondu gabe, lan-baldintzen aldaketa nabarmenak adostu gabe aplikatzen dira, lankide bat kaleratu dute...

Ondorioz, 2019ko otsailaren 16an lehendabiziko greba egin zen, gero bertze batzuk gehiago, eta hurrenak apirilaren 10, 11, 18, 19, 20, 21 eta 22an izanen dira. Greba-deialdia zuzeneko eskulaneko langileendakoa da, eta orain arte grebek izan duten erantzuna %70aren ingurukoa izan da langile-kidego horretako behin betiko kontratatuetan.

Greben helburuak hauek dira: bosgarren txandako plusa hobetzea, bosgarren txandako lanaldia laburtzea eta kaleraturiko lankidea berriz onartzea.

ELAren ustez enpresak grebetan izan duen jokabidea kritikagarria da: mehatxuak, hertsapenak, etxera egindako telefono-deiak greba ez egitera behartzeko, zaintzapean eduki, atsedenaldiak kendu... Hori dela-eta, gero eta langile gehiago daude aldi baterako ezintasunaren egoeran, lanaren ondoriozko arrazoi psikologikoengatik.

Azkenik, ELAk UGTren jarrera salatzen du, beti enpresaren aginduetara egon baita.