AFEDE JOSTAILU DENDA (ANTSOAIN)
ELAk greba mugagabea deitu du prekaritatearen aurka
Azaroaren 25ean, astelehena, Antsoaingo Afede jostailu dendako hiru langileek greba mugagabea hasiko dute ELAk deituta, lan baldintza eskasetan hobekuntza batzuk lortzeko helburuarekin. Orain arte, enpresak uko egin dio negoziatzeari, eta ez ditu langileen aldarrikapenak entzun nahi ere. Afedek egungo egoerari eutsi nahi dio, LGSa ordainduta eta astelehenetik larunbatera bitarteko lanaldiarekin (astean atseden egun bakar batekin).
ELAk enpresaren jarrera salatu du -negoziatzeko ezetza eta baldintza erabat prekarioak ezartzea-, baita greba deialdia ezagutu bezain laster denda materialez hustu izana ere. ELAk dagoeneko salatu du hori Lan Ikuskaritzan, grebarako oinarrizko eskubidea urratu dela uste baitu.
Erabat lotsagarria da, ELAren iritziz, irabaziak dituen enpresa batek eta beste lurralde batzuetan dendak irekitzen ari denak Nafarroako merkataritzaren errealitatearekin bat datozen baldintza zentzuzkoagoak negoziatzeari uko egitea.
Azkenik, ELAk langile horiek prekaritatearen aurka hasi duten borrokari erabateko babesa eman nahi dio, eta sindikatuak erresistentzia kutxaren babes ekonomikoarekin ere babestuko ditu.