ELAk Tuterako Guardian enpresan lortutako hitzarmenari esker %21eko batez besteko soldata igoera izango da eta lanaldia zazpi egunez laburtuko da

2019/01/28
Lan-erreformaren aurkako blindajea eta gainontzeko hobekuntzak lortu ahal izateko, beharrezkoa izan da batzordeko sindikatu nagusia ELA izatea (13 kidetik zortzi).

ELAk hitzarmen berri bat lortu du Guardianen (Tuterako 320 langileko enpresa). Hitzarmen berrian hainbat hobekuntza jaso da: langileen batez bertzeko soldata %21 igo da; urteko lanaldia zazpi egunez murriztu (urtean 1717 ordu izatetik 1655 ordu izatera); lan-erreformaren aurkako blindajea eta abar. Hobekuntza horiek guztiak lortu badira, 2017ko martxoko hauteskundeen ondorioz ELA Batzordeko sindikatu nagusia ateratzeari esker izan da (13 kidetik zortzi).

Albiste hori, berez, aipagarria bada; are aipagarriagoa da, kontuan hartzen badugu lehenagoko hitzarmena 7 urtekoa zela, eta zenbait urteren arteko aldea KPI+0,5 zela, eta bertze batzuetan KPI-0'5, KPI oso txikia edo are negatiboa ere izan den garai batean. Hitzarmen berrian, ordea, batez bertzeko soldata %21,45 igo da guztira, hiru multzotan honela banatua:

a) Lau urteetan honelako igoerak soldata-tauletan: %4 (2018), %2,5 (2019), %2,5 (2020) eta %3 (2021). Eta KPI portzentaje horiek baino gehiago igoko balitz, berraztertze-klausula ere badago.

b) Hamaiketakoa hartzeko ordu erdia ordaindua izanen da. Horrek %6,25eko igoera gehigarria dakarkie langileen %90 baino gehiagori. Gainontzekoei, dagoeneko kobratzen badutenez, 110 orduz murriztuko zaie lanaldia urtean.

c) Parekatzeen bidez, langile gehienek bizpahiru mailez goiti eginen dute; erran nahi baita, 941 euro gehiago urtean (%3,75eko gehigarria, 25.000 euro gordineko soldata baten, adibidez).

Gizarte-neurriei dagokienez, gaixotasun arrunteko eta istripuko baja-osagarriak hobetu dira (hemendik aitzin, %100 kobratuko da lehendabiziko egunetik; lehenago, hirugarren egunetik); lanpostu-erreserbako lan-utzialdiak; jai-eguneko plusetan eta lizentzia ordainduetan hobekuntzak (medikuarengana laguntzea); erretiro partziala; eta abar.

Bertze lorpen azpimarragarri bat Rajoyren azken lan-erreformaren ondorioak mugatzea izan da. Hemendik goiti, Guardianen, behin hitzarmena sinatu ondoren, ezinezkoa izanen da salbuestea; eta lau urteko ultraaktibitatea izanen du behin indarraldia agortu eta gero. ELAk langileen parte hartzea nabarmendu behar du, haien partaidetzarik gabe ez genukeen hitzarmen hori lortzerik izanen.

Aldaketaren gakoa 2017ko martxoko hauteskunde sindikaletan kokatu behar da, orduan lortu baitzuen ELAk ordezkaritza izatea enpresan lehen aldiz, Batzordeko 13 ordezkaritik 8 ateratzean. Gertaera hari esker plantilla antolatu ahal izan da, eta azken emaitza sinatu berri den hitzarmena dugu.