ELAk, hezkuntza publikoko gainerako sindikatuekin batera, ikastetxeak antolatzeko protokoloaren aldaketak eragindako ondoeza dela eta ikastetxeek sinatutako manifestua Hezkuntza Departamentuari helarazio dio

2021/10/05
Aldaketa horrek Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakasleen lan-baldintzak nabarmen okertzea dakar, zuzeneko irakaskuntzako saioak ugaritu egiten baitira. Gainera, ikastetxe horien baliabideak ere murriztu egiten dira, eskola-orduak nabarmen gutxitzen baitira

Gaur goizean, Hezkuntzako Mahai Sektorialeko sindikatuok Nafarroako 45 ikastetxetako klaustroek sinatutako manifestua helarazi diogu Hezkuntza Departamentuari. Bertan, 2021-2022 ikasturterako aurrez aurreko hezkuntza-jarduera garatzeko prebentzio- eta antolaketa-protokoloaren aldaketaren ondorioz sortutako ezinegona adierazten da. Hezkuntza Departamentuak irailaren hasieran egin zuen aldaketa hori. Aldaketa horrek Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakasleen lan-baldintzak nabarmen okertzea dakar, zuzeneko irakaskuntzako saioak ugaritu egiten baitira. Gainera, ikastetxe horien baliabideak ere murriztu egiten dira, eskola-orduak nabarmen gutxitzen baitira.


Adierazpen horretan, ikastetxeetako klaustroek honako hau adierazi nahi diote Hezkuntza Departamentuari:


• Hezkuntza Departamentuak ikastetxeei ezartzen dizkien neurriak hezkuntza-komunitateko kideekin adostu behar dira aldez aurretik, eta, batez ere, irakasleekin, haiek baitira neurriak praktikan jartzeko arduradunak.

• Eskolaz kanpoko jarduerak garatzeak irakasleen zuzeneko irakaskuntza-orduak gehitzea dakar, eta, beraz, ikastetxeek behar bezala funtzionatzeko berebiziko garrantzia duten beste zeregin batzuk egiteko behar den denbora murriztea: zikloaren koordinazioa, taldearen koordinazio didaktikoa eta tutoretza, liburutegien koordinazioa, zaintzak... besteak beste.


• Hori gerta ez dadin, Hezkuntza Departamentuak irakasleen kontratazioa handitu behar duela eta eskolaz kanpoko jardueren eskariari behar bezala erantzun behar diola, bizikidetza-talde egonkorren nahasketa mugatuz. Hori guztia, Covid-19k sortutako egoera zail batean gaudela kontuan izanda, eta irakasleen nahiz ikasleen segurtasuna eta osasuna bermatzeko helburuarekin.


Mahai Sektorialeko sindikatuok uste dugu beharrezkoa dela Hezkuntza Departamentuak sindikatuekin une oro negoziatzea ikastetxeetako lan-baldintzei eta ikasleen hezkuntza-arreta egokiari eragiten dieten neurriak abian jartzeko, eta Nafarroako irakaskuntza publikoaren hezkuntza-kalitatea bermatzeko behar diren bitartekoak ematea.