ELAk irakasleen behin-behineko kontratazio zerrendak ireki eta barematzea exijitzen dio Hezkuntza Departamentuari

2019/04/17
Zerrenda guztiak urtean behin gutxienez ireki eta barematu beharko lirateke, irakasle guztiek lan egiteko aukera berdinak izan ditzaten.

Ekainean argitaratu zen zerrenden kudeaketarako 51/2018 Foru Aginduak hala dio: “Hezkuntza Departamentuak ikasturtean zehar bitan irekiko ditu zerrenda espezifikoak”. Alabaina, 2018-2019 ikasturtean oraindik ez ditu behin ere ireki eta ez du inolako baremaziorik egin EPEan aterako ez diren zerrendetan.

Zerrenda asko ez dira aspaldian ireki, beharra egon arren, eta hautagaiak ezin izan dira inolaz ere sartu. Bestetik, bertan dauden hautagaiak ez dira barematuak izan aspaldian, batzuk 15 urte baino gehiagoz. Honek berdintasun, gaitasun eta merituaren printzipioa urratzen du.

Arrazoi beragatik, Departamentuak zerrenda integratua (kidego, espezialitate eta hizkuntzak integratzen dituena) erabili beharko luke behin-behineko kontrataziorako, ez baitu inolako oztopo legalik aspaldiko aldarrikapen demokratiko hau zerrendetan ezartzeko.

Bestetik, ELAk askotan salatu duenez, ezinbestekoa da EPEak eta kontratazio zerrendak desbinkulatzea, ikasle, irakasle eta zentroei egonkortasuna emateko.

Behin-behinekotasun tasa hezkuntza publikoan %33koa da, lotsagarria Europarekin alderatzen badugu. Iragarritako EPEak ez dira nahikoak arazoa konpontzeko. Oraindik 2.400 langile faltako lirateke egonkortzeko. ELAk sinatu ez duen 2018-22 Hezkuntza Itunak ez du esaten noiz eta nola pasako garen %33 horretatik Gobernuak helburu duen %8ra. Nafarroak EPE masiboak behar ditu eta hemen erabaki, ez Madrilen, nahi duen EPE eredua.