ELAk Iruñeko Udalaren haur eskoletako hizkuntza-eskaintza geldiarazte grebarekin bat egiten du

2021/02/11
ELAk bere militantzia Iruñeko haur eskoletan ordezkaritza duten sindikatuek bihar egingo duten greban parte hartzera deitzen du

Iruñeko haur eskoletan ordezkaritza duten sindikatuek, hots, CCOO, LAB eta AFAPNAk, biharko greba deialdia egin dute, 2021-2022 ikasturterako Iruñeko Udalak eskaintza linguistikoan egindako birmoldaketa bertan behera geratu dadin.

Langile batzordeek esan bezala, Iruñeko Udalak aurkeztutako proposamenean ez da inolako partehartzerik egon. Irizpide profesional, tekniko eta pedagogikoei bizkarra emanez atera du aurrera Udalak berregituratze hau. Honez gain, ELA sindikatuak salatzen du euskaraz hezitzen den haur eskoletan ingelesa sartzeak euskararen ikaste prozesua okertuko duela.

Bestalde, 0-3 zikloa Hezkuntza departamentuan integratzeko aldarrikapenarekin ere bat egiten du ELAk.

Honengatik guztiagatik, bihar Iruñeko haur eskoletako langileek egingo duten grebari ELAk babesa eman eta bere militantzia parte hartzera deitzen du.