ELAk Izquierda-Ezkerrak eta EH Bilduk murrizketa sozialak ekarriko dituzten eta ingurumenaren aldetik jasanezinak diren proiektuetara bideratuko diren Europako funtsei buruzko Foru Dekretua baliozkotzea ahalbidetzea ulertezina dela uste du

Gaur, Nafarroako Parlamentuak Next Generation EU Europako funtsak kudeatzeko beharrezko neurriak jasotzen dituen Nafarroako Gobernuak egindako Foru Lege Dekretua baliozkotu du, Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.
ELArentzat ulertezina da Izquierda-Ezkerrak eta EH Bilduk (aldeko botoarekin eta abstentzioarekin) Foru Lege Dekretu hau baliozkotzea ahalbidetu izana, funts horien behin betiko erregelamenduak argi eta garbi ezartzen duenean datozen urteetarako gobernuen politiketan esku hartzeko mekanismo bat direla. Ildo horretan, gogorarazi behar da Bruselak murrizketak eskatzen dituela funtsak jasotzeko (pentsioen erreforma, lan-erreformak ez indargabetzea...), eta prozesu iraunkor bat ezartzen dela konpromisoak betetzen ari diren ebaluatzeko eta murrizketa berriak ezartzeko.
ELArentzat erabat inkoherentea da funts horiek ahalbidetzea, eta, aldi berean, haien baldintzazkotasuna kritikatzea. Gainera, gogoratu behar da Europako funtsak ingurumenaren aldetik jasanezinak diren eta enpresa handientzat onuragarriak diren proiektuetara (AHT, Nafarroako Ubidea...) bideratu nahi dituela Nafarroako Gobernuak, behar sozialei erantzun beharrean. Alderdi politikoen jokabide horrek lagundu egiten du iritzi publikoan naturalizatzen funts batzuen ideia positiboa, praktikan tranpa bat besterik ez direnean.
ELAren ustez, ezinbestekoa da gizarte-eskubideen aitorpenean aurrera egitea, zerbitzu publikoetan (osasuna, hezkuntza, zaintza-sistema...) Europako batez bestekoarekin dagoen aldea murriztea, eta ekoizpen-eredua errotik aldatzea, trantsizio ekologiko eta soziala bultzatzeko. Hori lortzeko, erreforma fiskal justua eta nahikoa egin behar da. Europako funtsak, norabide horretan tresna erabilgarria izatetik urrun, egungo eredu kapitalistaren ildo estrategikoak sendotzeko tresna dira. Funts horiek adostutako baldintzak eta orientazioa mantentzen dituzten bitartean, aukera koherente bakarra horiek baztertzea da.