ELAk, LAB, STEILAS eta UGT sindikatuekin batera, haur eta lehen hezkuntzako irakasleei eta ikastetxeei ezarritako murrizketa berria salatu du Nafarroako Parlamentuan

SARRERA
Parlamentuko Hezkuntza Batzorde honi eskerrak eman nahi dizkiogu bertaratutako sindikatuei entzuteko prest egoteagatik.
Lehenik eta behin, ikastetxeetan bizi den egoera larria dela eta, Hezkuntza Batzorde hau burutzea txalotzen dugu. Pandemia-egoera honetan, kezka orokorra dago hezkuntza-komunitateko eragileekin negoziatu eta adostu gabeko protokolo bat ezartzearekin.
Protokoloa konplexua da eta ezin da hain tarte txikian martxan jarri, gainera, irizpide sanitario eta pedagogikoei erantzun beharko lieke. Hasteko, zuzendaritza-taldeentzat protokoloaren aldaketa hau lan-karga handia izaten ari dela azpimarratu nahi dugu; izan ere, egun batetik bestera, Nafarroako ikastetxeetako Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasle guztien ordutegiak aldatu behar izan dituzte. Horietako askok behin eta berriz eskatu dute eskolaz kanpoko jardueren hasiera atzeratzea, eta eskaera hori ez da kontuan hartu. Gainera, protokolo honekin aldatu egiten da irakasleen lanaldiaren banaketa, eta ikasturtea hasita dagoenez, irakasleriaren antolaketa pertsonala eta kontziliazioa hankaz gora jartzen ditu.
Bigarrenik, ziurgabetasun handia sortu du, bai irakasleengan, bai familiengan, aurreikusi eta egoki planifikatu zitekeen egoera baten aurrean.
Azkenik, Hezkuntza Departamentuak gaur egun aurreikusitako bitartekoekin protokoloak proposatzen duen eskola-jardunaldia antolatzea ezinezkoa da. Hau baieztatzeko arrazoiak azalduko ditugu jarraian:
ZUZENEKO IRAKASKUNTZA
Hainbat kontzeptu argitzen hasi nahi dugu, terminoen nahasketarekin maltzurki jokatu baita. Alde batetik, zuzeneko irakaskuntza saioak ditugu: "Ikasleei eskolak emateko saioak izango dira, taldearekin eman beharreko orduak, laguntza, bikoizketak,..." (kontzeptu hau irakasleen lanaldiari eta ordutegiari buruzko 225/1998 Foru Dekretuan agertzen da). Ordu horiek prestatu, koordinatu eta ebaluatu egin behar dira. Zuzeneko irakaskuntza-ordu bakoitzeko, aparteko denbora bat behar da, jarraian azalduko dugun eskola-ordua kontzeptuan jasotakoa.
Eskola-ordua "eskola-ordutegiaren parte izanik zuzeneko irakaskuntzakotzat jo ezin direnak dira, hala nola, zaintzak, zikloaren koordinazioa, garraiatutako ikasleei arreta, tutoretza-koordinazioa,...". (Kontzeptu hori irakasleen lanaldiari eta ordutegiari buruzko 225/1998 Foru Dekretuan agertzen da).
Aipatutako Foru Dekretuak ez dituenez eskolaz kanpokoak aipatzen, RAEk ezarritako definizioa ekarri nahi izan dugu hona: "Ikastetxetik kanpo edo eskola-orduetatik kanpo egiten den hezkuntza-jarduera da".
Protokoloak berak, jarduera horien adibide gisa, honako hauek iradokitzen ditu: eskola-errefortzua, ikasketa gidatua, etxerako lanak egitea, hizkuntza-jarduerak, teknologia berrien aplikazioa, ingurunea ezagutzeko jarduerak... Horregatik uste dugu egokiagoa dela curriculumetik kanpoko zuzeneko irakaskuntza-jarduerak deitzea, izan ere zuzeneko irakaskuntzako saioen definizioa gogoratzen badugu, ikusiko dugu proposamen horiek definizio horretan sartzen direla, eta ez protokoloak eskola-orduen inguruan egiten duen definizioan. Beraz, horren emaitza da zuzeneko irakaskuntza-saio gehiago ematen ditugula, eta, aldiz, eskola-ordu gutxiago. Horrek esan nahi du irakasleen eskola-karga handituko dela eta ikastetxeetako baliabide pertsonalak murriztu egingo direla, eta horrek, gainera, ez du betetzen Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Ituna.
Ikus dezagun hau adibide baten bidez:
Protokoloaren lehen iradokizuna eskola-errefortzua da. Imajinatuko dugu irakasle batek talde eta adin desberdinetako 25 ikasle dituela gelan (hauxe protokoloak berak ezarritako ratioa da). Hasi eta berehala, espazioa antolatzeko moduarekin topo egiten dugu, covid arauak direla eta buruhauste bat dena (manparak, segurtasun-distantzia, gel hidroalkoholikoa...). Irakasleak jakin behar du 25 ikasle horietako bakoitzak zer errefortzu-mota behar duen, eta, gainera, baliteke bere ohiko ikasleak ez izatea. Horretarako, txostenak irakurri beharko ditu, tutoreekin koordinatu, eta abar. Ondoren, ikasleek behar dituzten errefortzuak planifikatu eta beharrezko materiala prestatu beharko du (batzuk hizkuntza errefortzuak izango dira, beste batzuk irakurketa-idazketa, matematika...). Gainera, saioan zehar ikasleei zeregin horietan lagundu beharko die. Halaber, saioa bera ebaluatu beharko du eta beharrezkoa balitz plangintza aldatu. Azkenik, saio horietan tutoreari, gainerako irakasleei edo orientazio-mintegiari jakinarazi beharreko egoera asko antzeman daitezke.
Ikusten duzuenez, saio bat emateko, irakaskuntza zuzenekoa deitu edo eskolaz-kanpokoa deitu, beharrezkoa da eskola-orduak izatea eta ez kentzea, protokoloak agintzen duen bezala. Badirudi Hezkuntza Departamentuak berak garrantzia kentzen diela ordu horiei, eta kontrakoa da, funtsezkoak baitira ikastetxearen funtzionamendu egokirako. Eskola-orduak murrizteak baliabideak murriztea dakar ikastetxeentzat, eta, kasu batzuetan, zaintzak egiteko irakaslerik gabe geratu beharko dute, koordinatzeko denborarik gabe... Horrenbestez, arreta okerragoa emango zaie ikasleei eta hezkuntza-kalitatea murriztuko da.
Ikastetxe bakoitzak galtzen dituen eskola-orduen kopurua handia izango da, eta eragin larria izango du ikastetxearen funtzionamendu egokian. Orain arte eskolaz kanpoko jarduera-saio batez hitz egin dugu, baina protokoloak ezartzen du eskolaz kanpoko 2 saio emango direla astean 4 egunetan. Hau da, 8 saio. Adibidez, 400 ikasle inguru dituen ikastetxe estandar batean astean 50-100 eskola-ordu galtzen dira, eta horrek asko zailtzen du haien funtzionamendua. Imajina ezazue hori landa-eremuetako zentroetan, non oso irakasle gutxi dagoen. BIDERAEZINA DA. Arratsaldeko saioak bete behar badira, matematikoki ezin dira zaintzak edo oinarrizko beste lan batzuk egin.
OSASUNA
Protokoloak dioenez, "helburu nagusia, COVID-19 koronabirusaren aurrean, langileen eta ikasleen segurtasuna eta osasuna bermatzea da, ardatz nagusia izanik kutsatzeak saihestea".
Goizetan ikasleak jolastokian partzeletan edukitzen ditugu, ezin da gela espezifikorik erabili eta elkarbizitzaren aurkako neurriak zorrotz jarraitu behar dira.
Protokoloaren arabera, eskolaz kanpoko jardueretan burbuila desberdinetako ikasleak batera biziko dira, eta jarduera horietan parte hartzen duen ikasle bat kutsatzen bada, bere ohiko burbuilako ikaskideak kutsatzeko arriskuan egoteaz gain, eskolaz kanpoko akitibitate horretan parte hartzen duten beste burbuila batzuetako ikasleak kutsatuko dira. Horrek esan nahi du gela konfinatu gehiago eta presentzialtasun gutxiago egongo dela.
PROTOKOLOA EZ DA EGOKITZEN ZENTROEN ANIZTASUNERA
Protokoloak lehentasun-ordena jasotzen du eskolaz kanpoko jardueren eskariak ikastetxearen eskaintza gainditzen badu, borondatezkoak baitira. Baina errealitatean unibertsala izan beharko lukeena baztertzailea da, ez baitzaie bermatzen aktibitate horiek egiteko eskubidea ikasle guztiei. Ikasle guztiei jarduera horiek eskaintzeko derrigorrezkoa da baliabide gehiago bideratzea.
Borondatezkoa dela esatea subjektiboa da; izan ere, garraiatutako ikasleentzat nahitaezkoak dira, ez baitzaie garraioa erraztuko halakoak egin nahi ez dituzten ikasleei. Lehen eta Bigarren hezkuntza partekatzen duten ikastetxeetan ere antzeko egoera gertatzen da.
%5eko INBERTSIOA
Azaldutako guztiagatik, bertaratutako sindikatuok eskatzen dugu protokolo hau gauzatzeko behar diren giza baliabide eta baliabide material guztiak erabil daitezela, irakasle eta laguntzaileen kopurua handituz.
Une honetan, 2021eko aurrekontuaren arabera, hezkuntzako BPGren gaineko inbertsioa % 3,9koa da, COVID-19 errefortzuak kontuan hartzen baditugu % 4 gainditzen da justu-justu. UNESCOren gomendioa herrialde bakoitzeko BPGren % 6ko inbertsioa da, eta hori da, hain zuzen ere, Gobernu honek eta gobernu zentralak nahi dutena.
Horretarako, ezinbestekoa da Nafarroako Gobernuak bere Akordio Programatikoa betetzea, BPGren % 5 hezkuntzan inbertitzea. Horrela egin ahal izango dugu gure lana, lan-baldintzetan kalterik eragin gabe, guztion segurtasuna eta osasuna arriskuan jarri gabe, eta, azkenik, hezkuntza-kalitatea kaltetu gabe.
ONDORIOAK
Hezkuntza Departamentuaren beraren, joan den ikasturtean arrakasta handia izan zuen ikastetxeetan ikasleen presentzialtasuna bermatzeak. Gimeno jaunak irakasleak zoriondu ditu, jakitun baita irakasleek ahalegin handia egin dutela presentzialtasun hori bermatzeko. Hala ere, protokoloan ezarritakoak hori lausotzen du; izan ere, irakasleei gehitutako gainkarga horrek haien estres-maila handituko du, eta horrek eragin negatiboa izango du haien osasun psikosozialean, eta, ondorioz, hezkuntza-kalitatean ere bai.
Nafarroako Aurrekontu Orokorrak onartzeko atarian gaude, eta agerraldi hau aprobetxatu nahi dugu zuek egoera hori bideratzen saia zaitezten. Badakigu ahalegin ekonomiko handia eskatzen duela, baina hezkuntzan BPGren % 5era iristeko aukera ona da, eta gobernu-talde honek konpromiso hori hartu zuen herritarren aurrean, hezkuntza-komunitatea osatzen duten eragile guztien beharrei erantzuteko.
Sindikatuok esan nahi dugu ez gaudela murrizketa berri hau onartzeko prest. Protokoloa ezartzeak berekin dakar irakasleen zuzeneko irakaskuntza-orduak gehitzea eta ikastetxeek behar bezala funtzionatzeko behar diren baliabideak murriztea. Beraz, Hezkuntza Departamentuak zero kostuko zerbitzu gehigarri bat eskaini nahi du, Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleen bizkar beste behin kargatu eta osasun-irizpideak kontuan hartu gabe.