ELAk, LABek, STEILASek, CCOOk eta UGTk atzerriko hizkuntzak ikasteko programaren dekretu berria sindikatuekin negoziatzea eskatu dute

2021/07/05
ELAk, LABek, STEILASek, CCOOk eta UGTk salatu dutenez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua dekretu berri bat prestatzen ari da atzerriko hizkuntzak ikasteko programari buruz, sindikatuekin negoziatu gabe eta uda garaian, eta une hori ez da oso egokia tramitatzeko. Gauzak horrela, sindikatu horiek eskatzen dute, 14/2020 Foru Legearen 2. artikuluan jasotzen den bezala, berezko eta atzerriko hizkuntzen tratamendu integratua negoziatzea horretarako egokiak diren negoziazio-mahaietan, egoeraren benetako plangintza negoziatua eta adostua eginez. "Atzerriko hizkuntzak ikasteak ezin du ikasleen garapen integrala kaltetu, ezin du ekitatearen eta irakasleen lan-baldintzen aurka joan", defendatu dute.

ELAren, LABen, STEILASen, CCOOren eta UGTren ustez, programa horri buruzko dekretu berri batek pedagogia eta lan arloan jasanezina den egoera bati adabakiak jartzea dakar.

Sindikatu horiek salatu dute lehen hezkuntzan ikasle asko atzean geratzen ari direla, eta bigarren hezkuntzan, berriz, bereizketa handia gertatzen ari dela, nota onak dituzten ikasleak programa elebidunetan sartzen direlako eta gainerakoak ez.

Irakasleei dagokienez, egoera ez da hobea: bitartekotasun-indize handiak, plantillak egonkortzeko ezintasuna, nahitaezko lekualdaketak eta funtzio publikoan sartzeko baldintzak aldatzea eta konplikatzea.