ELAk LABeko kide bat espetxeratzeko arriskuan mantentzen duen kasua artxibatzea exijitzen du

2019/09/30
ELAk irmo salatzen ditu Nafarroan pairaturiko askatasun sindikalaren aurkako erasoak, batez ere, azken hilabeteetan gertaturikoak. Ondorioak oso larriak izaten ari dira, LAB sindikatuaren kide batek espetxeratzeko zigorra jaso duelako, eta greben piketeetan parte hartzeagatik beste salaketak epaitegietan daudelako. Hori dela eta, Imanol Salinasi elkartasuna adieraztearekin batera, greba eskubidea kriminalizatzeko saiakera salatzen du ELAk.

Kasu guztietan, zigorrak zein eskaera judizialak neurriz kanpokoak dira, eta greba eskubidea zein ekintza sindikala kriminalizatzeko saiakera politiko baten parte dira.

Greba eskubidearen eta ekintza sindikalaren aurkako jazarpen politikoa da hau, Estatu zein Foru Administrazioak bultzatuta edo onartuta. Jazarpen politiko hau eredu kapitalistaren eta lan munduko bidegabekerien aurka borrokatzen duten sindikatu eta erakundeen aurka egiten da, baina inoiz ez lan istripuak murrizteko edo lan legediaren zein hitzarmenen urraketak saihesteko.

Honegatik guztiagatik, ELAk Imanol Salinasen kausa artxibatzea eta beste zigor eskaerak bertan behera gera daitezen eskatzen du.