ELAk lan-baldintzen gaineko kontrol publikoa areagotzea eskatu dio Nafarroako Gobernuari

2019/10/15
Azken hilabeteko laneko bosgarren heriotzaren aurrean, irabazi ekonomikoaren gainetik langileen segurtasuna lehenestea exijitu die ELAk enpresei. Nafarroako Gobernuari adierazi dionez, laneko ezbeharren aurka borrokatzeko ez dago elkarrizketa sozialeko mahaietan parte-hartzen duten erakundeei diru publikoa eman beharrik; horren ordez baliabide horiek administrazioa indartzera bideratu behar dira, enpresen betebeharren gaineko kontrola areagotzeko, hain zuzen ere.

46 urteko langile bat hil egin da Antsoainen, eraikin industrial baten egokitzapen lanetan ari zela 7 metroko altueratik erori ondoren. Lehenik eta behin, ELAk bere babes eta elkartasuna adierazi nahi die hildakoaren senitarteko eta lankideei, eta gertatutakoaren nondik-norakoak eta ardurak argitzeko ikerketa sakona eskatzen du. Aurten 14 pertsona hil dira lanean Nafarroan, hauetatik bost azken hilabetean.

ELAk berriro dio laneko ezbeharrak langileen lan eta bizi baldintzen gainetik irabazi ekonomikoak lehenesten duen enpresa-irizpideen ondorio direla. Horretarako, patronalak lan-erreformak baliatzen ditu, eta ondorioz, inbertsio eta segurtasun neurri falta eta ez-betetzeak agertzen dira. Horregatik, Nafarroako langileriarentzat kriminala suertatzen ari den estrategia hau alde batera utzi eta langileen segurtasuna lehenesteko eskatzen die ELAk enpresei.

Egoeraren larritasunaren aurrean, ELAk Nafarroako Gobernuari oroitarazi nahi dio laneko ezbeharren aurka borrokatzeko ez dagoela elkarrizketa sozialeko mahaietan parte-hartzen duten erakundeei diru publikoa eman beharrik, baliabide horiek administrazioa indartzera bideratzea baizik, enpresen betebeharren gaineko kontrola areagotzeko. Horregatik, lan-baldintzak ikuskatzera bideratutako baliabide publikoak lehenbailehen handitu ditzala eskatzen dio, gaur egun europa mailako giza-baliabideen erdia baino ez dituztenak, hain zuzen.

Azkenik, ELAk dei egiten dio Nafar langileriari antolatu eta lan-baldintzak hobetzeko borrokatzera, horrela lan-ezbeharrak lantoki eta lan-zentruetatik desagertarazteko.