ELAk langileria defendatu eta errenta altuei, enpresei eta kapitalari krisia ordainarazi behar zaiela aldarrikatzen du

2020/04/28
Koronabirusaren pandemiaren ondorio ekonomiko handien ondorioz, Biztanleria Aktiboaren Inkestak urteko lehen hiruhilekoan argitara emandako enpleguari buruzko datuak zaharkituta geratzen dira argitaratu bezain laster, ez baitute, inola ere, egungo errealitatea islatzen.

Langabezia 1.900 pertsonatan jaitsi da Nafarroan. Hala, langabezia-tasa % 8,55ekoa da. Azken urtean langabeen kopuruak gora egin du Nafarroan.

Nafarroan 284.300 pertsona daude lanean, horietatik 130.500 emakumeak dira eta 153.800 gizonak. Azken hiruhilekoan 3.400 pertsona landun gutxiago izan dira. Okupazioaren beherakada horrek emakumeei eragin die gehienbat; izan ere, emakume landunen kopurua 2.900 gutxiago izan da.

Biztanleria Aktiboaren Inkestaren lehen hiruhilekoko datuek ez dute inola ere islatzen langile-klasea bizitzen ari den errealitatea. Krisi ekonomiko baten aurrean gaude, eta kaleratze ugari, ERTEak eta diru-sarrerak murrizteagatik gastuei aurre egin ezin izan dieten pertsona asko daude. Ekonomiaren aurreikuspenek 2008ko krisialdiko beherakadak gainditzen dituzte. Beraz, ez ditugu kontuan hartu behar Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datu positiboak langabeziari dagokionez, urtarrila, otsaila eta martxoaren erdia baino ez baitituzte islatzen. Covid-19ren inpaktua benetan aztertzeko, bigarren hiruhilekoko Biztanleria Aktiboaren Inkestara arte itxaron beharko dugu.

Beharrezkoa da neurri sozialak hartzea kaltetutako pertsonak defendatzeko eta krisiari irtenbide sozial bat emateko, krisiaren faktura errenta altuei, enpresei eta kapitalari ordainaraziz.