ELAk lanuzteak deitu ditu Amazonen paketeria banatzen duen nafarroako enpresan
ELAk Berriobeitiko (Nafarroa) Agustinoen industrialdean dagoen Parmi Logistics enpresako langileei dei egin die uztailaren 15ean eta 16an deitutako lanuzteekin bat egiteko, zuzendaritzak ez baitu enpresa hitzarmen bat negoziatu nahi. Langileek Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) baliokideak diren soldatak kobratzen dituzte.
ELAk gehiengo osoa du, 5 ordezkari. Guztira, 77 langile dira eta aho batez babesten dituzte deitutako mobilizazioak.
Lanuzteak hiru ordukoak izango dira goizeko txandetan, eta hiru ordukoak arratsaldeko txandetan. Bide beretik, kontzentrazioak egingo dituzte enpresaren instalazioen aurrean, 17:30etik 18:00etara, bi egunetan.
Parmi Logistics enpresa estrategikoa da; izan ere, Amazonen paketeria banatzeaz arduratzen da. Egunero, langileek bermatzen dute milaka eskaera astelehenetik igandera iristea hartzaileengana, mundu mailako merkataritza elektronikoaren operadore handienetako bati eutsiz. Hala ere, bere lanaren balioa ez da aitortzen euren lan baldintzetan.