ELAk laukoari exijitzen dio enpleguaren bermea gehitzea Tokian Tokiko Maparen Legeari

2019/02/06
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Orain Bai eta Izquierda-Ezkerra parlamentuko taldeek akordio bat izenpetu zuten, legea argitaratu bezain pronto enpleguaren bermea ziurtatuko zuen lege aldaketa aurrera eramateko. ELAren enpleguaren aldeko lanak ahalbidetu zuen laukoaren akordioa.

Urtarrilaren 31an, Nafarroako Parlamentuak Tokian Tokiko Maparen Legea onartu zuen. Egun horretan Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Orain Bai eta Izquierda-Ezkerra parlamentu-taldeek akordio bat izenpetu zuten, legea argitaratu bezain pronto enpleguaren bermea ziurtatuko zuen lege aldaketa aurrera eramateko. Gaur bertan Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu da legea eta horregatik ELAk laukoari exijitzen dio akordio hori aurrera eramatea, are gehiago jakinda Parlamentuaren disoluzioa apirilaren 2rako aurreikusten dela.

ELAk egindako lana erabakigarria izan da akordio hori lortu ahal izateko (Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Orain eta Izquierda-Ezkerra), eta horren bidez legea aldatu, eta enplegua suntsitzeko aukerak eragozteko. Alde horretatik, oroitu beharrekoa da ELA izan dela sindikatu bakarra azken ordura arte ahalegindu dena lanpostu guztiak mantentzearen xedapena azken testuan sartzen; LAB, aldiz, legearen testuaren alde azaldu zen, nahiz eta enplegua suntsitzeko eragozpena jasota ez egon; eta UGT eta CCOO sindikatuek legea ukatzea eskatu zuten zuzenean.

Azkenik, ELAk dei egiten die Toki Administrazioko langile guztiei, indarrak batzeko eta antolatzeko, eta denon artean lege-zuzenketa onestea erdiesteko, beti ere Toki Administrazioko lanpostu guztien iraupena bermatze aldera.