ELAk 149 delegatu gehiago besterik ez ditu behar Nafarroan lehen indarra izateko

2018/10/08
Aurtengo irailaren 1ean hasi eta 2019ko uztailaren 1eraino 2.127 delegatu hautatu behar dira, hots, guztirako kopuruaren %35,1. Prozesu hau zein garrantzitsua den ikusteko, aski da aipatzea 182.000 langilek dutela hauteskunde sindikaletan bozkatzeko eskubidea, alegia, enpresaren aurrean ordezkaritza izango duten pertsona zein sindikatuak hautatzeko aukera. Hauteskundeen emaitzak baldintzatzen du antolatzeko aukera eta negoziazio kolektiboaren bidez baldintza hobeak lortzea.

Gero eta langile gehiagok dakite ELAra jo behar dutela lan-baldintzak hobetu nahi badituzte. Gero eta gehiago baloratzen dira ELAren ezaugarriak: independentzia ekonomikoa eta politikoa; erresistentzia-kutxa; enpresa askotako antolakuntza-esperientzia... finean, gauzak aldatzeko gogoa.

Nafarroan sindikalgintzan gertatu diren lorpen gehienak ELAren eskutik etorri dira. UGTren eta CCOOren ereduak berarekin dakarren klientelismoaren, utzikeriaren eta entxufismoaren aurrean, geroz eta estimatuagoa eta beharrezkoagoa da ELAk hamarkada luzez erakutsi duen zintzotasuna eta langileekiko hurbiltasuna. 149: horra Nafarroan ere lehen sindikatua izateko ELAri falta zaizkion ordezkariak. Sekula ez du izan horrenbeste ordezkari gure sindikatuak herrialde horretan (% 22,89).

Epe laburrean, ordezkarien % 23,5 helburu lorgarria dela esan daiteke. Baina zifra edo portzentaje batetik landa, ELAk uste du Nafarroako lehen sindikatu gisara jardun behar duela jada, azken urteotako ibilbidea eta datu onak ikusirik. Inoiz baino lorgarriagoa den helburu bat da. ELAk Nafarroaren iparraldean %40eko ordezkaritza du; Iruñerrian, %22,23; erdialdean, %24,6, eta Erriberan, %21,53.

Ohartu behar dugu alor sindikalean eta sozialean ez ezik politikoan ere datu horrek duen garrantziaz. Kontuan hartu behar da ‘korralito’ baten gisara kudeatzen direla gauza asko Nafarroan, euskararen kontrako printzipio eta ekintzak nagusi direla edota gure sindikatuaren aurkako trikimailuak asmatu dituztela ‘elkarrizketa sozialaren’ egiturek. Horren aurrean, albiste ezin hobea da ELAk gero eta babes handiagoa babesa.

Hauteskunde-prozesu guztiek jartzen gaituzte urduri samar, baina Mitxel Lakuntza ELAren Nafarroako koordinatzaileak dioenez, geroz eta harrera hobea egiten diote gure sindikatuari Nafarroako langileek. “Gure asmoa garbia da: lantoki gehiagotara eramatea ELAren proiektua eta eredua. Oso gogoan izan behar dugu jendearen babesean oinarritzen dela gure eredua —aldarrikatzailea, kontraboterezkoa—, eta babes horrek lantoki bakoitzean lortzen dugun ordezkaritza duela abiapuntu”.

Hori dela eta, sindikatuak langileei dei egiten die hauteskunde sindikaletan parte har dezaten eta antolaketa kolektiboan aktibatzera gonbidatzen ditu. Autonomia oinarri hartuta lan prekaritateari aurre egiteko modu bakarra da. ELAk duen babes gero eta handiagoa akuilu bihurtzen da bere erreibindikazio eta kontrabotere eredua lantoki gehiagotara iritsi dadin.