nafarroako gozotegiak
Hitzarmen berria lortu du ELAk, KPItik gorako soldata igoerekin eta urteko lanaldia murriztuta
ELAk aurreakordioa lortu du patronalarekin Nafarroako Gozotegien Industriaren hitzarmena 3 urterako berritzeko (2024-2026), aurreko urteko KPIa + % 0,25 2024rako, aurreko urteko KPIa + % 0,5 2025erako eta aurreko urteko KPIa + % 0,5 2026rako. Era berean, urte guztietan gutxieneko igoera % 1,5ekoa izango dela bermatzen da.
2025erako urteko lanaldia 8 ordu jaistea, lizentziak hobetzea eta plusak handitzea ere jasotzen du aurreakordioak, besteak beste. Hitzarmen berriak, halaber, aurretik zuen ultraktibitate mugagabeari eutsiko dio (hau da, aplikatzen jarraituko da hitzarmen berri bat izan arte), eta enpresei hitzarmena bere kabuz aplikatzeari uztea galerazten dien klausulak jasotzen dira.
ELAk, sektoreko lehen sindikatuak, modu positiboan baloratzen du hitzarmen honen edukia. Era berean, ezinbestekotzat jotzen du sektoreko plantillek sektoreko akordio hori baloratzea, baina enpresetan antolatzea lan baldintzak are gehiago hobetzeko enpresa mailako hitzarmenetan. Izan ere, lan erreformen ondoren, enpresa esparrua da legeak erabateko segurtasun juridikoa aitorzen diona. Akordio honekin, ELAk sektoreko negoziazioarekin duen konpromisoa erakutsi du berriro ere, eduki onak daudenean.