ELAk Makrogranjen aurkako Nafarroako Plataformak deitutako elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin du

2022/03/24
ELAk babesa adierazten die abeltzaintza iraunkorraren eredua defendatzeagatik epaitegitik pasako diren pertsona eta kolektiboei. Sindikatuaren ustez ingurumenaren defentsa kriminalizatzeak eta judizializatzeak mobilizazioak neutralizatzea baino ez du bilatzen.

Nafarroako makrogranjen aurkako plataformak martxoaren 26an 12:30ean Iruñeko Sarasate pasealekuan eta martxoaren 30ean 10:00etan Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean deitutako elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egiten du ELAk.

Caparrosoko makrogranjaren eta Noviercaserako (Soria) proiektatuaren jabe den enpresak (Valle de Odieta) prozedura judiziala hasi du Nafarroako hainbat kolektibo eta pertsonen aurka, hauek txosten tekniko batean argitaratu zuten informazioagatik. ELAren ustez, ingurumenaren defentsa kriminalizatzea eta judizializatzea bateraezina da demokraziarekin, eta mobilizazioa neutralizatzea baino ez du bilatzen.

ELAk dei egiten du elkarretaratze horietan parte hartzera eta ingurumenarekiko jasangarria izango den elikadura-subiranotasunaren eredua defendatzera, eta babesa adierazten die epaitegitik igaro beharko duten pertsona eta kolektiboei. Era berean, plataforma egiten ari den atxikimenduen bidez babesa adieraztera animatzen du.

Klikatu hemen atxikimendua adierazteko.