ELAk manifestazioa egingo du Maitzaren 1ean "Aldaketa garaia da" lelopean

2021/04/26
Aldaketa garaia da, baina aldaketa horiek egi bihurtzeko presioa egiten jarraitu behar dugu: bai kalean, bai lantokietan

ELAk aldaketarako garaia dela aldarrikatuko du Maiatzaren Lehenean, lan erreformaren indargabetzea eta zerga sistemaren erreforma ardatz hartuta. Pentsio publikoen alde egiteko eta lan erreforma indargabetzeko garaia delako, lan hitzarmenak bertan negoziatzeko aukera izateko eta enplegua suntsitu ordez salbatu dadin. Horregatik, kalera ateratzeko deia egin du gaur sindikatuak: “Aldaketa garaia da, bai, baina jakin badakigu aldaketa horiek egi bihurtzeko presioa egiten jarraitu behar dugula bai kalean, baita lantokietan ere”.

 

Aurten, Iruñeko manifestazioa 11:30ean abiatuko dira Gurutze enparantzatik, Eta manifestazioaren ibilbidean zehar egingo diren bi kontzentrazio batuko dira, funtsezko eta feminizatutako bi sektoreri babesa emateko: garbiketa-sektorea eta egoitza-sektorea. Mobilizazioa aurkezketeko prentsaurrekoa eskaini dute Imanol Pascual ELAko Nafarroako Koordinatzaileak eta Saioa Urriza ELAko Eskualdeko Arduradunak. Irudia eta mezua ere aurkeztu dituzte.

 

Urrizak azaldu du zein den aurtengo leloa: 'Aldaketa garaia da!'. ELAko Eskualde Arduradunak ziurtatu duenez, pandemiak inoiz baino ageriagoan utzi du eraldaketarako premia, milaka lagunen osasuna eta egoera ekonomikoa mehatxupean baitago —bereziki, emakumeena—, eta gizarte desberdintasunak areagotzeko bidean dira. “Zirt edo zart egiteko garaia da. Datozen aste eta hilabeteetan hartuko diren erabakiek markatuko dute krisialdiari zer nolako irteera emango zaion”. Horregatik, Urrizak ziurtatu du aldaketak egiteko unea dela, eta horregatik hautatu du ELAk lelo hori.

 

Imanol Pascualek bat egin du Urrizarekin, eta ohartarazi Europako Funtsen “tranparen” aurrean gaudela. “Funts horiek murrizketak eragingo dituzte. Bruselak emandako aginduei jarraituz, Espainiako Gobernuak pentsioak urritu nahi ditu eta erretiroa hartzeko aukera atzeratu”. Izan ere, “Europako Batasunaren trantsizio ekologikoa delakoak multinazionalen makroproiektuak lehenesten ditu, murrizketak eta austeritatean oinarritutako aurrekontu-politikak ezartzearen truke”.

 

Era berean, lan erreforma bertan behera uztea ezinbestekoa dela dio Pascualek. Azken hilebeteotan enpresa ezberbinek greba egin dutela (Defontaine Iberica, HyM...) “etekinak lortzen dituzten enpresek jendea kaleratzen ari direlako, euren neurrira egindako legedia baliatuz”. Egoera horren aurrean, lan arloko lege horiek indargabetzeko eskatu du. “Patronalak eta Espainiako Gobernuak uste dute lan erreforma ez dela indargabetu behar, ez delako une egokia. Pandemia da orain aitzakia. ELAk, aldiz, uste du hori ere badela arrazoia lan erreformak indargabetzeko, milaka langile ez daitezen kaleratuak izan enpresek nahi bezala”.

 

Gainera, bizi dugun krisiari erantzuteko zerga erreforma egiteko unea ere badela aldarrikatu du: “Bestela, krisiari emango zaion irteerak desberdintasunak areagotuko ditu. Halako erreformarik gabe, zorra ordaindu beharraren lehentasunak ezinbestean murrizketa gehiago ekarriko baititu. ELAk proposatzen du zerga erreforma bat egitea, zeinaren bidez gehiago ordainduko duten errenta altuek, enpresen etekinek eta ondare edo fortuna handiek”.

 

Are gehiago pandemia garaian, bizi dugun krisiak erakutsi baitu kapitalismoaren irrazionaltasuna eta injustizia gailendu egin direla bizitzaren, osasunaren eta berdintasunaren aurrean; txertoekin eta patenteekin gertatutakoa dira horren adibide. “Irrazionaltasun hori gurean ere agerian geratu da. Nafarroako gobernua ez da krisialdi honetatik ondoriorik ateratzeko gauza. Zaintza sektorea publikatzea, Osasunbidea indartzea, Hezkuntza sistema hobetzea edo krisiak eragindako pertsona eta sektoreei babesa ematea… Halakorik ez dago Chiviteren agendan”.