ELAk mobilizazioa egin du alderdiei eta erakundeei eskatzeko Nafarroan erabaki ditzatela langile publikoen lan baldintzak

2022/10/19
ELAko sektore publikoko langileak eta ordezkariak Iruñan elkartu dira gaur, 'Sektore publikoa kalera! 2023an KPIa bai ala bai! 15.000 langile kontsolidatu!' lelopean eta elkarretaratzea egin dute Nafarroako Jauregi parean.

Ekitaldi honekin, alde batetik, ELAk salatu du sektore publikoko langileek azken urteotan bizi duten lan baldintzen gainbehera eta behin-behinekotasuna, eta, bestetik, Nafarroako alderdi eta instituzioei leporatu die Madrilen esku uzten dituztela langileen lan baldintzak. Zehazki, honako eskaerak egin dituzte:

  • Behingoz, Nafarroako erakundeek eta alderdi politikoek sektore publikoak dituen beharrak eta lan baldintzak bertan erabakitzeko hautua egin dezatela. Legea ez delako berez muga, gure esku dago hemen erabakitzea.

  • Horretarako, hemengo alderdiek Estatuko aurrekontuetan, LORAFNAk gure instituzioei aurrikusten dizkiguten eskumenak Madrilen esku ez uzteko hautua egiten behar dute; euren esku dago hori egikaritzea.

  • Eskumena edukita, Nafarroako agintariak konprometitu behar dira mahai negoziatzailetan langile publikoen pobretze prozesuarekin eta pribatizazioarekin amaitzea. Horretarako, 2023an 2022an galdutako erosahalmena (%4,5) eta 2022ko KPIa bermatu, eta enpleguan behin-behinekotasuna %6ra txikiagotzeko kontsolidazio prozesuak adostu behar dira.

Azkenik, erakundeen jarrera ikusita, ELAk mobilizazioen eta greben beharra azpimarratu du zerbitzu publikoak indartzeko eta langile publikoen baldintzak defendatzeko. Horretarako, aldarrikapen horiekin bat egin dezaketen sindikatuekin elkarrizketan jarraitzen du sindikatuak.