ELAk Nafar Gobernuko Barne Departamentuak Foruzaingoarekiko izan duen gelditasuna kritikatu du

Nafarroako Parlamentuak 2018an onartu zuen APF/SPF sindikatuek sustatutako Polizien Lege berria, UPN, Geroa Bai eta EH Bilduren aldeko botoarekin. ELA lege hori onartzearen aurka agertu zen, malgutasun-neurriak, ordainsari diferentziak, justifikatu gabeko osagarrien kobrantza, egutegien alde bakarreko aldaketak eta 2017an egindako pribatizazioak onartzen zituelako.
Pasa den denborak berretsi besterik ez du egin sindikatu korporatiboek eta talde parlamentarioek bere garaian lortutako akordioak kea besterik ez zirela, eta buruzagitzen presioei eta neurrigabeko anbizioari eta APF eta CSIF/SPF sindikatuen protagonismo-grinari erantzuten zietela.
Lege hori onartu eta lau urtera, Foruzaingoaren egoera gero eta okerragoa da. Barne kontseilariaren gelditasunak eragindako etengabeko blokeo-egoerak erregelamendu berri bat aurrera ez ateratzea eragin du, eta Nafarroak ez du trafiko-eskumena bere gain hartu ere.
ELA beti agertu da Nafarroak eskumen hori bere gain hartzearen alde, eta, horretarako, prozesu hori Foruzaingoaren plantilla handituz egitea defendatu du, eta ez Guardia Zibila Foruzaingoan integratuz. Hala ere, PSNk, Geroa Baik, Ahal Duguk, Bilduk eta Ezker Ezkerrak onartutako 2018ko Polizien Legeak (bederatzigarren xedapen gehigarria) eta Nafarroako aurrekontuek (hemezortzigarren xedapen gehigarria) Guardia Zibilaren agenteak Foruzaingoan integratzea aurreikusten dute.
Azkenik, ELAk berretsi du beharrezkoa dela polizia-ereduari buruzko eztabaidari ekitea. 2018an, ELA kezkatuta agertu zen polizien lege hartan bultzatutako polizia ereduarekin. Lege hori, besteak beste, UPNk eta APF/SPFk sustatu zuten, ultraeskuindarrek sustatutako mobilizazioak babesten dituzten sindikatuak, esaterako mozal legea indargabetzea saihesteko. Aitzitik, ELAk Foruzaingo profesional baten aldeko apustua egiten du, izaera zibilekoa, bere herrian errotua, giza eskubideekin konprometitua, genero-ikuspegia duena eta herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatzen dituena.