ELAk Nafarroako enpresa eta lantokietan segurtasuna kontrolatzeko baliabide publikoak gehitzea eskatu du

ELAk jakin ahal izan duenez, langile bat hil da gaur arratsaldeko 15: 00ak aldera Iruñako (Nafarroa) Arrosadia auzoko Urrobi Ibaia kaleko obra batzuetan lanean ari zela. Ezer baino lehen, ELAk babesa eta elkartasuna adierazi nahi die biktimaren hurbilekoei, eta ikerketa sakona egitea eskatzen du, ezbeharraren arrazoiak eta erantzukizunak zehazteko.
Aurten Nafarroan lan-istripuz hil den hirugarren langilea da. Bertan, hilero pertsona bat hiltzen da lanaren ondorioz, eta egunero 30 pertsonak lan-istripua izaten dute. 2021ean, istripu-tasa % 16,7 igo zen, eta laneko heriotzen % 40 enpresek segurtasun-neurririk ezarri ez zutelako gertatu zen.
Egoera horren aurrean, ELAk onartezintzat jo du patronalaren isiltasuna, bere esku baitu lan-baldintzak benetan hobetuz ezbehar-tasa murrizteko. Bestalde, Nafarroako Gobernuak berretsi du urtean 400.000 euro emango dizkiela CENi berari eta UGTko eta CCOOek osatzen duten gutxiengo sindikalari, Prebentzioko Lurralde Ordezkariaren figuraren bidez, NOPLOI eta Lan Ikuskaritza kolapsatzeko zorian mantentzen dituen bitartean, baliabide faltagatik.
Hori dela eta, ELAk mobilizatzeko deia egin du, plantillen segurtasun-baldintzen gainetik onura ekonomikoa lehenesteari utz diezaiotela eskatzeko, eta lan-osasuneko elkarrizketa sozialeko politika ez-eraginkorrak bertan behera utz ditzatela eskatzeko, kontrolerako bitarteko publikoak areagotu eta enpresen eta lantokien ezbehar-tasaren gaitza desagerrarazteko helburuarekin.