ELAk Nafarroako Eraikuntza eta Obra Publikoen Hitzarmenean UGTk eta CCOOk egindako akordioa gaitzesten du

UGTk eta CCOOk aurreakordioa lortu dute gaur Nafarroako eraikuntza eta obra publikoen sektoreko patronalekin. Negoziazio mahaian ez da aurreakordioari buruzko testurik eman, eta horrek agerian uzten du sindikatu hauek eta patronalak sektoreko langileek aukeratutako ordezkaritza mespretxatzen dutela.
Aurreakordioaren edukiak estatu mailako Eraikuntzaren Sektoreko Hitzarmen Orokorra kopiatzen du, eta Nafarroako Hitzarmen Sektorialari egindako ekarpen bakarrak bi lizentzia dira: bata gaixotasun onkologikoak dituzten senideak daudenean laguntzeko, eta bestea baimena errazteko, langileek ostatilaziorik gabeko gaixotasun larriak badituzte. Gainerako guztian, sektoreko estatuko hitzarmenaren edukia jasotzen da.
ELAren ustez, akordio hau albiste txarra da sektorean lan egiten duten pertsonentzat, Nafarroako lan baldintzak hobetzeko eta hemen bertan negoziatzeko aukera galdu delako. ELAk gogorarazi du Gipuzkoan, lurralde mugakidean, eraikuntzaren sektoreko hitzarmen bat sinatu berri duela, non hobekuntza handiak jaso diren eta erosteko ahalmena bermatu den. Nafarroan, ordea, eta UGTren eta CCOOren eta patronalen arteko aurreakordioaren ondorioz, soldata igoerak KPIaren azpitik egongo dira (hala jasotzen da Estatuko Hitzarmenean): % 3 2022rako, % 3 2023rako eta % 2,75 2024rako.
Aurreakordio honek sektorearen prekarietatea sendotzen du, eta ez dakar inolako hobekuntzarik lan osasunaren arloan, lan istripuak eta lanbide gaixotasunak ohikoak diren sektore batean.