ELAk Nafarroako etxebizitza politiken porrota salatu eta espekulazioari aurre egiteko aurrekontua aldarrikatu du
Goizean goiz, ELAk hainbat mobilizazio egin ditu, besteak beste Iruñeko Udaletxe plazan edo Tuterako kaleetan. Ondoren, 11:00etan, Iruñean, deitzaile guztiek elkarrekin hainbat zutabe abiatu dituzte Burlatatik, Txantrea/Antsoaindik, NUPetik eta Ospitalegunetik, denak Gazteluko Plazan elkartzeko. Bertan, Greba Orokorreko eguneko manifestazio nagusia hasi da 12:30ean. Ordu berean abiatu da manifestazioa Tuterako Foruen Plazatik. «Etxebizitzarako eskubidea bermatzeko, espekulaziorik ez» lelopean egindako manifestazioek azaroaren 11ko greba deialdiaren arrakasta agerian utzi dute: Iruñean 25.000 pertsona inguru mobilizatu dira, eta Tuteran ia 2.000.
Imanol Pascual Nafarroako ELAko koordinatzaileak Iruñeko manifestazioaren amaieran egindako hitzartzean azpimarratu du Greba Orokor hau garrantzitsua dela etxebizitzen espekulazioari aurre egiteko eta etxebizitza duina eskuratzeko eskubidea bermatzeko borroka eta antolakuntza kolektiborako. ELAk nabarmendu du mobilizazioak etxebizitza sindikatuek urte luzez egindako borrokari jarraipena emateko eta erakundeei erantzukizunak eskatzeko balio behar duela.
Duela sei hilabete, sindikatuak eta hainbat gizarte eragile elkartu ziren Nafarroan, bertako Gutxieneko Soldata propioa, aberastasunaren banaketa bidezkoagoa eta Nafarroak erabakitzeko duen eskubidea aldarrikatzeko. Mobilizazio hark, gaurkoak bezala, berriro ere erakutsi zuen Nafarroak bere aldarrikapen esparru propioa duela. Horren erakusle da azken 30 urteetan hamahiru greba orokor egin dira Nafarroan, Estatuan deitutako lau greben aldean.
ELAk uste du Greba Orokor honek etxebizitza politika publikoen porrota salatzeko balio behar duela. Porrot horren arrazoia da gobernu ezberdinek, bai Espainiako Gobernuak bai Nafarroakoek, bankuen, eraikuntza enpresen eta errentisten interesak lehenetsi dituztela pertsona zaurgarrienen eskubideen gainetik. Pascualek nabarmendu du Nafarroak badituela bestelako etxebizitza politika bat egiteko behar adina eskumen, baina hori ez dela gertatzen ari. Horren erakusgarri da negoziatzen ari diren 2027ko aurrekontuetan aurrekontu osoaren % 1,6 baino ez zaiola bideratzen etxebizitza politikari. Horregatik, Nafarroako alderdi politikoei, bereziki ezkerrekoei, eskatu die datozen aurrekontuetan egiturazko neurriak jasotzeko, etxebizitza eskubidea izan dadin, eta ez negozioa. Era berean, ELAko koordinatzaileak kritikatu egin ditu Iruñeko Udala Arantzadin egiten ari den etxegabetzeak, jarduera horiek pertsona zaurgarrienen egoera are gehiago larriagotzen baitute.
Bihartik aurrera ere badago zereginik: gobernuei eta alderdi politikoei presioa handitzea, etxebizitza negozio izateari utzi eta eskubide bihurtu arte. Gaurko greba lapurreta horri emandako erantzuna da. ELAk gobernu eta alderdi guztiei exijitzen die etxebizitza langile klasearen zerbitzura egon dadila, eta ez espekulatzaileen mesedetan.
Iruñeko eta Tuterako kaleak etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazio historiko baten lekuko izan dira. Baina Greba Orokorrak aurrera jarraitzen du, arratsaldeko lan txandetan eta sektore guztietan. Arratsaldean, gainera, manifestazio deszentralizatuak egingo dira Nafarroako hainbat herritan. Hauek dira Nafarroako deialdi nagusiak: Iruñea (Baluarte, 18:00etan), Tutera, Betelu, Zangoza, Elizondo, Gares, Leitza eta Lizarra.