ELAk Nafarroako Euskara Legea aldatzeko proposamenen dokumentua argitara eman du

2018/09/26
Udako Euskal Unibertsitatean ezagutzera emango ditu talde parlamentarioei luzaturiko neurri zehatzak, legea aldatzeko gehiengo bat lortzearen ahaleginean.

ELAk Nafarroako Euskara Legea aldatzeko proposamenak argitaratu ditu dokumentu batean. Bertan egungo legea aldatzeko argudioak ematen dira eta, ofizialtasuna eskatzeaz gain, neurri zehatzak ere proposatu ditugu. Hartu beharreko erabaki politiko baten aurrean gaude, egun indarrean dagoen lege murriztailea eta bidegabea denboraren poderioz gaindituta geratu delako. ELAk bere dokumentua aurkeztuko du larunbat honetan Udako Euskal Unibertsitateak Iruñean egingo duen jardunaldian (“Hizkuntza eskubideak bermatzeko Legearen bidean”, Kondestable jauregian, goizeko 12etan). Gogoratu behar da ELA-Nafarroako koordinatzailea den Mitxel Lakuntzak Nafarroako Parlamentuan dokumentu bera aurkeztu zuela pasa den ekainaren 13an.

Nafarroan ordezkapen prozesua oso aurreratuta dago, hizkuntza gutxitu egoerara ekarri duten hizkuntza politika uniformizatzaileen ezarpenaren ondorioz. Euskara nafar guztion ondarea da, euskaldun izan edo ez. Guztion ondare delarik, guztion eskura behar du izan, euskara erabiltzeko eskubideak orokorki onartua behar du izan, eta inork ez lioke bere erabilerari mugarik jarri behar, gazteleraren erabilerari mugarik jartzen ez zaion aldi berean.

Egungo egoera onartezina da. Ezin da Nafarroa eremutan zatitu, zatiketa eskubide berdintasunaren aurka baitoa. Euskarak ofiziala izan behar du Nafarroa osoan, nafar guztien eskubideak berma daitezen. Ofizialtasunaren bidean proposamen zehatzak egiten ditu ELAk, batez ere Administrazioa eta Hezkuntzari begira:

Administrazioak euskaraz bizitzeko aukera ahalbidetu behar du, eta bistan da euskararen ofizialtasunak Administrazioari betebehar batzuk ezarriko lizkiokeela; esate baterako, herritarrak euskaraz hartzea bermatu nahi badugu, Administrazioak baliabide gehiago beharko lituzke, baita horretarako bere burua gaitu ere.

Hezkuntzan, ofizialtasunarekin batera, gutxieneko euskararen ezagutza bermatu beharko lioke Administrazioak Nafarroako irakasleriari, horretarako G eredua -PAI programarekin batera- desagerraraztea, eta A eredua gutxieneko eredu bezala ezartzea Nafarroa osoan. ELA ere jakitun da baliabideak Nafarroan ematen den errealitate ezberdinetara egokitu beharko direla ezinbestean. Era berean, erritmoak eta baliabideak egokitze horretan, aintzat hartu beharra dago ere herrien autonomia.

ELAk laukotea osatzen duten taldeei Euskararen Legea alda dezaten ahalik eta epe motzenean eskatzen die.

Dokumentua kontsultatu