ELAk Nafarroako Gobernuak zerga arloan duen inakzioak kapitalari bakarrik egiten diola mesede salatu du

2022/10/11
ELAk zerga erreforma eskatu du, enpresek sozietateen gaineko zergan gutxienez irabazien % 25 ordain dezaten, egungo egoera kritikoari aurre egin ahal izateko. ELAk salatu du 2007tik sozietateen bilketa 270 milioitan jaitsi dela Nafarroan, lan errentek 500 milioi gehiago ordaindu dituzten bitartean.

ELAk salatu du Nafarroako politika fiskala enpresek eta errentarik altuenek nahi dutena dela, beren interesen eskura egina dagoela. Sindikatuak salatu du oraingo eta aurreko Nafarroako Gobernuek (7 urte igaro dira UPN atera zenetik) politika fiskala patronalaren zerbitzura izan dutela: berdin da krisian, pandemian, hazkunde ekonomikoan, deflazioan edo inflazioan gauden, Nafarroako Gobernuarentzat beti da enpresa handiei eta kapitalari mesede egiteko garaia.

Fiskalitatea sakoneko eztabaida da, ereduarena, eta frogatuta dago Nafarroako eredu fiskala oso bidegabea dela:

  • Diru bilketaren maila Europako batez bestekoaren oso azpitik dago. Europako batezbestekoarekin parekatzeko, 1.746 milioi gehiago bildu beharko lirateke urtean Nafarroan. Adibidez, Hezkuntzaren aurrekontua 890 milioikoa da Nafarroan.

  • Diru bilketa lan errenten gain jarria dago. 2007tik 2021era, PFEZren lan errenten ekarpena 500 milioi euro handitu da Nafarroan.

  • Sozietateen gaineko zergaren diru bilketa asko murriztu da. 2007tik 2021era, 270 milioi euro gutxiago bildu dira sozietateen gaineko zergagatik. Diru horrekin Errenta Bermatua ia hiru aldiz finantza liteke, 97 milioi euroko aurrekontua baitu.

  • Sozietateen gaineko Zergaren presio fiskala (%1,3 Nafarroan) Europaren azken muturrean dago (batez beste, BPGaren %2,4). Sozietateen gaineko zergaren presio fiskala Europako batez bestekoarekin berdintzeko, 235 milioi gehiago bildu beharko lirateke Nafarroan).

NMF edo Europako Batzordea bezalako erakundeak ere energia enpresei zergak gehitzeko beharra edo ondarearen gaineko zergak nabarmen handitzeko beharra planteatzen ari dira.

Datuak ikusita, ELAk Nafarroako Gobernuko kideei (PSN, Geroa Bai, eta Podemosi) eta orain arte aurrekontuak onartzea ahalbidetu duten alderdiei (EH Bildu eta Izquierda-Ezkerra) eskatzen die erreforma fiskal bati ekiteko, patronalaren pribilegioak eta errenta handiak ezabatuko dituena. Inoiz baino premiazkoagoa da bidezko erreforma fiskala, diru sarrera publikoak nabarmen handitzeko aukera emango duena, zerbitzu publikoak indartuko dituzten politikak gauzatu ahal izateko, eta funts publikoen kopuru handiak bideratu ahal izateko izaera publikoko eta kontrol sozialeko trantsizio ekologiko eta energetikorako.

ELAk uste du, zerga iruzurraren aurkako borrokarekin batera, kapital zergak nabarmen handitu behar direla. Zehazki, ELAk neurri hauek proposatzen ditu, besteak beste:

  • Sozietateen gaineko zergan, mozkinen gaineko % 25eko gutxieneko tasa efektiboa ezartzea.

  • Diru sarrera eta errenta guztiek PFEZen tarifa orokorraren arabera ordaindu behar dute.

  • Ondarearen gaineko zerga bikoiztea eta zerga horri % 1 eta % 10 arteko errekargu espezifikoa ezartzea.