ELAk Nafarroako Gobernuari beste behin eskatzen dio urratsak eman ditzala Hezkuntzako behin-behineko langileak (%40) kontsolidatzeko

2021/08/02
EPEetan izan diren salaketak ikertu eta EPE zein enplegu-eredu berria abian jarri behar ditu

 

ELArentzat onartezina da %40etik gorako behin-behinekotasun maila apenas jaitsiko duen plaza kopurua eskaini eta EPEetan eskaintzen diren plazak bete gabe geratzea, plazen %11 geratu dira hutsik.

Egun hezkuntza publikoan lanean diharduten irakasleen %40etik gora behin-behinekoa da. Langile hauetako asko gainera aspaldidanik daude egoera prekario horretan lanean gure eskoletan ikasturtea joan eta ikasturtea etorri. Behin-behinekotasuna egiturazko gaitza bilakatua da. Baina onartezina den egoera hau iraultzeko Nafarroako Gobernuak ontzat ematen duen eta aplikatzen duen EPE eta enplegu eredua ez da egokia.

Egoera hau gainditzeko ELArentzat ezinbestekoa da:
- Erreposizio tasak ezabatzea.
- Nafarroan zerbitzu publikoetan lan egiten duten langile publikoek lanpostua kontsolidatzea eta honela pribatizazioari atea ixtea. Horretarako beharrezkoa da egiturazko lanpostu guztiak azaleratzea eta ez-ohiko kontsolidazio prozesuak egitea: froga baztertzailerik gabeak (bukatu berri den EPE honetan hautagaien %22ak bakarrik lortu du bigarren frogara pasatzea), lan esperientziari pisu erabakigarria emango diotenak...
- Egungo egoera etorkizunean berriro gerta ez dadin neurri eraginkorrak hartzea: zerbitzu publikoak langile publiko eta egonkorrekin hornitzen direla bermatzeko neurriak.

ELAk langile publikoak antolatuz eta mobilizatuz jarraituko du helburu honen alde.