EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA-MARTXOAK 8

ELAk Nafarroako Gobernuari eskatu dio etxeko langileei garbikuntza sektoreko hitzarmena aplika diezaiela

2024/03/06
Langileen Estatutuak bide hori gaitzen du 7.000 langilek baino gehiagok beren lan baldintzetarako legezko estaldura lor dezaten.

ELAk etxeko langileen egoera aukeratu du aldarrikapen nagusitzat martxoaren 8rako. ELAk Emakumeen Nazioarteko Eguneko ekitaldi konfederala egingo du Gasteizko Europa Jauregian. Bertan, hizlari izango da Isabel Otxoa, ATH-ELEko (Etxeko Langileen Elkartea) ordezkaria eta etxeko eta etxez etxeko zerbitzuko langileek ere parte hartuko dute solasaldian. ELAk 2024rako aukeratu duen leloa "Etxea lantokia denean; Convenio para todas. Ekiparazioa" da, Gasteizko kaleetatik egingo den manifestazioaren buru izango dena.

ELAren aldarrikapen nagusia etxeko langileei antzeko beste sektore batzuetako hitzarmen kolektiboa aplikatzea da, hala nola Etxez etxeko Zerbitzukoa edo Garbikuntza sektorekoa. Horretarako, ELAk Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko Lan Departamentuan erregistratu du Langileen Estatutuaren 92. artikulua aplikatzeko eskaera. Artikulu horren babesean, indarrean dagoen hitzarmen kolektibo bat etxeko enpleguko langileei zabaltzea eskatzen da, eremu horretan ezin delako hitzarmen kolektibo bat sinatu, horretarako legitimazioa duen alderdirik ez dagoelako. Beraz, ELAk Bizkaiko etxeko zerbitzuaren hitzarmena eskatu du EAEko etxeko langileentzat eta Nafarroako langileentzat Nafarroako eraikinetako garbikuntza sekoreko hitzarmena.

Nafarroan 7.000 etxeko langile inguru daude (Hego Euskal Herrian 35.000). Sektore oso prekarioa da, arrazoi askorengatik; tradizioz gizarteak gutxi baloratzen dituen lanak dira, eta emakumeek doan egin ohi dituzte: askotan emakume migratuek egiten dituzten lanak dira, beste lan aukerarik ez dutenak. Hori gertatzen da zaintza sistema publiko eta unibertsalik ez dagoelako, eta, azkenik, etxeko enpleguan sindikatua antolatzea ia ezinezkoa da, langileek ez baitute modurik beren baldintzak modu kolektiboan negoziatzeko.

Nafarroako Gobernuak eta administrazioek kolektibo horren gaineko erantzukizuna dute, mendekotasuna duten pertsonen beharrak estaltzeko sistema publikorik ez dagoelako jotzen baita bertara. Hori dela eta, administrazioek erantzukizuna beren gain hartzeko eta kolektibo horrek bere lan baldintzetarako estaldura lortzeko legezko aukerari bide emateko unea da, indarrean dauden sektoreko hitzarmenak aplikatuz.