ELAk Nafarroako Gobernuari eskatzen dio benetako urratsak eman ditzala Hezkuntzako %54ko prekarietatearekin bukatzeko

2022/08/10
Behin-behinekotasuna % 6ra murriztu eta behin-behinean lanean ari diren 3.500 irakasleren kontsolidazio bermatzailea bultzatu behar du. EPEetan izan diren salaketak ikertu eta EPE zein enplegu-eredu berria jarri behar ditu martxan Hezkuntzak, bere langileen prekarietatearekin amaitzeko behingoz

Kontuen Ganberaren azken txostenaren arabera, Hezkuntzako aldi baterako langileak % 54 dira, eta ikasturte osoko irakasleentzat 4.300 lanpostu huts inguru eskaintzen dira. Datuek erakusten dute Nafarroako Gobernuak ETT handiena izaten jarraitzen duela, aldi baterako enplegua sistematikoki, gehiegikeriaz eta iruzurrez erabiliz, egiturazko lanpostuak betetzeko.

Hau horrela, ELArentzat onartezina da %54ko behin-behinekotasun maila apenas jaitsiko duen plaza kopurua eskaini eta EPEetan eskaintzen diren plazak bete gabe geratzea: Maisu-maistren EPEan guztiak bete diren arren, Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoetan plazen % 26,22 bete gabe geratu dira eta Bigarren Hezkuntzan % 25.

Behin-behinekotasuna egiturazko gaitza bilakatua da Nafarroako Administrazioan. Baina onartezina den egoera hau iraultzeko Nafarroako Gobernuak ontzat ematen duen eta aplikatzen duen EPE eta enplegu eredua ez da egokia. Ez behin-behinekotasunean lanean diharduten irakasleen kontsolidaziorako, ezta erretiratuko diren irakasleek utzitako lanpostuak zein hezkuntzaren erronkei erantzuteko behar adinako lanpostu berriak modu egonkorrean eta zuzenean betetzeko ere.

ELAk Hezkuntza Publikoko EPE prozesuetan ematen diren akats edo gabezia garrantzitsuenak gainditu asmoz urtero helarazten dizkio Hezkuntza Departamentuari proposamenak. Proposamen hauek ez dira aintzat hartzen eta antzeko egoerak errepikatzen dira urtero. Egoera hau gainditzeko ELArentzat ezinbestekoa da EPE eta enplegu eredu berri baten alde lan egitea. Eredu berri honek behin-behinean lanean dauden irakasleen kontsolidazioa bermatu beharko luke, froga baztertzailerik gabe, gardentasuna bermatu nahian froga mota eta ebaluazio irizpide zehatzekin, hautagaiei prozesuan zehar azterketa berrikusteko aukera emanez, epaimahaikideei beharrezkoa duten formazioa, babesa eta lan baldintzak bermatuz, EPEa eta kontratazio zerrendak desbinkulatuz…

ELAk hau guztia aurrera eramateko, Nafarroako Gobernuari bere hezkuntza eskumenak defenda ditzala eskatzen dio eta langileen ordezkari garen neurrian, negoziazio kolektibo erreala gauzatu dezala, bertako mahai negoziatzaileetan negoziatzeko finkatu beharreko plaza kopurua eta EPE zein enplegu eredu berria.