ELAk Nafarroako Gobernuari eskatzen dio euskarazko hezkuntza ez dezala baztertu Lanbide Heziketako ikasketetan eta ingelesezko sasi-murgiltze bertan behera utz dezala

2022/05/05
ELAk urteetan salatu duen bezala, ikasle euskaldunek ez dute ia aukerarik ikasketak euskaraz jarraitu ahal izateko Lanbide Heziketako Zikloetan. Aldiz ingelesezko sasi-murgiltze iruzurra geroz eta gehiago orokortzen ari da.

Nafarroak Lanbide Heziketako eskaintza handitzen duen bitartean eta geroz eta gazte gehiagok prestakuntza-ibilbide gisa aukeratzen duten bitartean, Hezkuntza Departamentuak berriz ere alde batera utzi du euskarazko hezkuntza, eta ingelesezko erdi-murgiltze iruzurra bultzatu du.

Euskara Nafarroako berezko hizkuntza da, eta bertako murgiltze-ereduan ikasleen %25ek ikasten dute. Baina Lanbide Heziketan dauden 100 zikloetatik soilik 9 eskainiko dira euskaraz, orain arteko joera baztertzaileari jarraipena emanez. Gainera, Iruñerriko eskaintza ez da ia zabaldu, euskaldun gehienak bertan bizi diren arren.

Hau horrela Gobernuak euskarari ematen dion tratamendua geroz eta gehiago urruntzen da edozein hizkuntzak behar duen tratu normalizatu eta demokratizatutik, eta ez ditu nafar askoren hizkuntza eskubideak bermatzen. D ereduko ikasleak euskaraz ikasten jarraitzeko eskubiderik gabe uzten ditu.

Bestetik Hezkuntza Departamentuak ingelesezko sasi-murgiltze iruzurra bultzatu du Goi Mailako zikloetan, 2022-2023ko ikasturterako eskaintza berriarekin batetik eta bestetik jada egonkortuta zeuden zikloak aldatuz.

Ziklo berriei erreparatzen baldin badiegu, Hezkuntza departamentuak 9 ziklo berri eskaini ditu baina denak sasi-murgiltze sisteman.

Egonkortutako zikloen artean, zerbitzu zikloetan, 12 ziklo ingeleseko sasi-murgiltze sisteman sartu ditu Goi Mailan: Administrazio eta finantzak zikloa euskaraz (1) eta gaztelaniaz (6), Salmenta eta merkataritza-espazioen kudeaketa zikloa, Marketing eta publizitatea (Iruña eta Tuteran), Garraio eta logistika zikloa eta Egokitzapen fisikoa Ilunberrin.

Ziklo industrialetan ere aldaketak eman dira, bereziki 3 ziklotan: Automatizazio eta robotika industrialeko goi mailako zikloa, Mekatronika industrialeko goi mailako zikloa eta Diseinu eta altzari-hornikuntza goi mailako zikloa.

Honekin Estatu mailan eta Nafarroan bertan hain eztabaidatuak diren PAI bezalako programei jarraipena eman nahi dio Gimeno kontseilariak, orain dela egun batzuetan onartutako legea medio. Jakina da programa hauek kaltegarriak direla ikasleentzat; izan ere, atzerriko hizkuntza ikas daiteke ere, munduko gainerako herrialdeetan bezala, ingelesez ematen diren ikasgaietan gaitasun gutxiago eskuratu gabe eta zailtasun gehien dituzten ikasleak baztertu gabe.

Irakasleen lan baldintzak ere nabarmen okertzen dituzte programa hauek. Ingeleseko titulazioa lortzen ez duten irakasle finkoak desplazatuak izango dira eta behin-behinekoak lanik gabe geldituko dira. Gainera, lanpostu hauek momentuz EPE bidez finkatu ez daitezkeenez, ezegonkortasun handia sortuko da ikastetxeetako plantilletan, honek guztiak hezkuntza kalitatean eragin zuzena izanik.

Honengatik guztiarengatik, ELAk Nafarroako Gobernuari eskatzen dio bertako hizkuntza den euskara normalizatzeko eta nafarren hizkuntza eskubideak bermatzeko (familien eskaerei erantzunez) D eredua bultza dezala Lanbide Heziketan ere, Nafarroa osoan zehar eta zehazki Iruñerrian ere. Baita ere, PAI bezalako programak eta hezkuntza modalitateak bertan behera utz ditzala. Honen ordez Hizkuntzen Tratamendu Integraturako programa bat ezar dezala ikastetxe bakoitzean (dituzten hizkuntza-ereduen arabera), hizkuntza bakoitzean ikasitakoak beste hizkuntza ikasgaietan eragin positiboa izan dezan.