ELAk Nafarroako Gobernuari eskatzen dio urratsak eman ditzala Hezkuntzako %30ko prekarietatea murrizteko

2019/08/02
EPEetan izan diren salaketak ikertu eta EPE zein enplegu-eredu berria abian jarri behar ditu


ELArentzat onartezina da %30etik gorako behin-behinekotasun maila apenas jaitsiko duen plaza kopurua eskaini eta EPEetan eskaintzen diren plazak bete gabe geratzea: Musika eta Arte Eszenikoetako katedra plazetatik %54,5a bete gabe geratu dira eta Maisu-maistren EPEan %21a.

Egun hezkuntza publikoan lanean diharduten irakasleen %30etik gora behin-behinekoa da. Langile hauetako asko gainera aspaldidanik daude egoera prekario horretan lanean gure eskoletan ikasturtea joan eta ikasturtea etorri. Behin-behinekotasuna egiturazko gaitza bilakatua da. Baina onartezina den egoera hau iraultzeko Nafarroako Gobernuak ontzat ematen duen eta aplikatzen duen EPE eta enplegu eredua ez da egokia. Ez behin-behinekotasunean lanean diharduten irakasleen kontsolidaziorako, ezta erretiratuko diren irakasleek utzitako lanpostuak zein hezkuntzaren erronkei erantzuteko behar adinako lanpostu berriak modu egonkorrean eta zuzenean betetzeko ere.

ELA sindikatuak iazko EPE prozesuan eman ziren akats edo gabezia garrantzitsuenak gainditu asmoz Hezkuntza Departamentuari egindako proposamenak ez dira aintzat hartu eta antzeko egoerak errepikatu dira aurten ere. Egoera hau gainditzeko ELArentzat ezinbestekoa da EPE eta enplegu eredu berri baten alde lan egitea. Deituko diren espezialitate eta hizkuntzen iragarpena urte bete lehenago iragartzea, froga baztertzailerik ez izatea, gardentasuna bermatu nahian froga mota eta ebaluazio irizpide zehatzak finkatuta edukitzea, hautagaiei prozesuan zehar azterketa berrikusteko aukera ematea, epaimahaikideei beharrezkoa duten formazioa, babesa eta lan baldintzak bermatzea, EPEa eta kontratazio zerrendak desbinkulatzea…

ELAk beste behin ere eskatzen dio Nafarroako Gobernuari bere hezkuntza eskumenak defenda ditzala, bertako mahai negoziatzaileetan negoziatzeko finkatu beharreko plaza kopurua eta EPE zein enplegu eredu berria.