ELAk Nafarroako Gobernuari exijitzen dio 800-tik gora interinoen kontratuak udako hilabeteetara luzatu eta ordaintzea lehenbailehen

2019/09/11
2018-2022 Hezkuntza Itunean jasotako hobekuntza izan arren, ez da oraindik gauzatu eta Hezkuntza Departamentu berriak zalantzan jartzen du gauzatu ahal izango den. ELAk ez zuen ituna sinatu eskasa zelako, eta honen gabeziak publikoki salatu zituen.

 

Sindikatuok hainbat epaiketa irabazi ondoren, Hezkuntza Itunaren neurrien arteko bat irakasle interinoen kontratua udako hilabeteetan luzatzea da. Horren arabera 2018-19 ikasturterako 5´5 hilabete lan eginez gero ikasturtean zehar kontratua udako hilabeteetara luzatuko zen automatikoki. Aurreko Hezkuntza Departamentuak behin eta berriz modu ezberdinetan ziurtatu zigun kontratuen luzapena egingo zutela. Baina, ez zioten beren hitzari eutsi eta orain egoera larriaren aurrean gaude. Irakasle askok, departamentuak bere konpromezua beteko zuelakoan, ez zuen langabeziako dirulaguntza eskatu kontratua bukatutakoan eta azkenean ez dute uda kobratu ezta dirulaguntza jaso ere epez kanpo daudelako. ELAk, aurreko urteetan bezala, judizialki erreklamatzen jarraituko du irakasle interinoen lan-eskubideen defentsan.

Iaz salatu genuen bezala, Hezkuntza Ituna eskasa da puntu askotan, zehaztu gabea beste askotan eta neurriak bete daitezen memoria ekonomikorik gabea. Horregatik ELAk ez zuen sinatu, eta aurreikusi genuen bezala, gobernuak ez zuen bere hitza bete zenbait neurri eta konpromezuetan (interinoen udako kontratuak, ordezkapen irizpideak berraztertu eta hobetu sindikatuekin, jubilazio baldintzak parekatzea klase pasibo eta gizarte segurantzako kolektiboetan, ikasketetarako ordaindu gabeko baimenak, zentroetako lanpostuen azterketa, irakasleen lanaldi eta ordutegia arautzen duen dekretua berrikustea, kreditu sindikala erabiltzeko irizpideak negoziatu sindikatuekin…)

Irakasle interinoen kontratua udako hilabeteetara ez luzatzea, Administrazio Publikoan milaka behin-behineko langilek jasaten duen prekaritatearen beste adibide bat dugu. Egungo Hezkuntza Departamentuak bere langileen behin-behinekotasun tasa lotsagarria agerian utzi du kontratazio datuak eman dituenean. Kontratazio igoera eta EPEaren ondoren bete gabe gelditu diren plazak kontuan hartuta %37-ra igo da behin-behinekotasuna. Nafarroako Gobernuaren asmoa %8ra jaistea zen (Hezkuntza Itunean jasota ere). Igoera honek langileen prekaritatea egonkortzea dakar ondorio, eta iragarritako EPEak interinitate tasa jaisteko oso eskasak dira nolanahi ere . Nafarroako sindikatuekin negoziatutako EPE masiboak behar dira ezinbestean, eta orain arte Espainiak agindu duena besterik ez du egin gobernuak, gure beharretatik oso urrun alegia.

Nafarroako hezkuntzak dituen bestelako hobetzeko puntuak:

- Inbertsioa: Europako muturrean jarraitzen dugu, BPGko %3,1 (2018an). Oraindik 2010 urtean baino 16 milioi azpitik gaude. UNESCO-k %6 gomendatzen du eta Espainiako batazbestekoa %4,1 da. Sindikatu guztiok hezkuntza publikoa finantzatzeko legea eskatu genuen Parlamentuan. Bestetik, Gobernuak modu merkeagoan azpikontratatzen jarraitzen du ikaslegoaren %40aren irakaskuntza (itunpeko sarea).

- Interino zerrenden kudeaketa: 51/2018 Foru Aginduaren bitartez EPE eta kontratazio zerrenden arteko binkulazioa mantendu da eta lehentasunezko zerrendak ezarri dira. Honek langile eta zentroen ezegonkortasuna areagotu du.

- Zerrenda integratua: kontratazio zerrendek oraindik segregatuta diraute (hizkuntza, espezialitate eta kidegoa), berdintasun, gaitasun eta meritu printzipioak urratuz.

- Euskarazko murgiltze eredua bultzatu beharko litzateke ikasle elebidunak sortzeko. A eredua ere indartu hiritar ororen gutxieneko euskara ezagutza bermatzeko. ELAk Euskararen Lege berri baterako proposamena aurkeztu zuen parlamentuan.

- IIP-PAI: Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programek indarrean diraute, ikasle eta irakasleengan dituzten ondorio latzak eta autokolonialismo linguistikoa egonkortuz. 50 herri eta 100 zentro baino gehiagotan familiek ez dute beste aukerarik.

- Ratioak: 25 Haur eta Lehen Hezkuntza, 30 DBH, 33 Batxilergoa. Oraindik oso altuak Europakoekin alderatzen baditugu.

- Erosahalmena: irakasleok %15ko erosahalmena galdu dugu azken urteotan eta itunean ez dago berreskuratzeko aipamenik ere.

- Lan-osasuna: kaltetua azken urteetan. Gehiegizko lan-karga eta ratio altuek eragin negatiboa izan dute langileen ongizatean, azken 4 urteetako arrisku psiko-sozialen ebaluaketek erakutsi duten bezala. Honetan inbertitu beharko litzateke, lehentasun bihurtu.

- Nafarroak bere eskumenak indartu eta erabili beharko lituzke: fiskalitatean eta zerbitzu publikoetan, Estatutik etorritako politika berzentralizatzaile eta neoliberalei aurre egiteko.

Hezkuntzak berdintasuna, inklusioa, euskararen zabalkundea, justizia eta kohesio soziala bermatzen dituen tresna izan behar du. Helburu horren bila jarraituko dugu legealdi honetan ere; langileei eta beste sindikatuei ere mobilizatzeko deia eginez eta gobernu berriarekin negoziatzeko prest, beti ere eduki zehatzak eta inbertsioa mahai gainean jartzen badira.