ELAk Nafarroako Gobernuari ikasturte amaiera eta datorren ikasturteari begirako erabakiak zehaztu eta hauek hezkuntza komunitatea entzunda, eta osasuna zein segurtasuna lehenetsiz har daitezela galdegiten dio
Carlos Gimeno kontseilariak 2019-20 ikasturtearen amaierako hezkuntza plana aurkeztu zuen atzo prentsaurrean. Berriz ere, gardentasun falta eta sindikatu zein langileekiko errespetu falta salatzea dagokigu, izan ere, dagoeneko ohitura bilakatu bezala, berriz ere prentsaren bitartez jakin dugu Hezkuntzaren asmoa. Egun dugun egoeran, are gehiago hartu beharko litzate kontuan gurasoen elkarte zein sindikatuen iritzi eta ekarpenak. Kontseilaria ez da inolako erabakirik hartzen ari Nafarroako hezkuntzaren egoera hobetzen laguntzen duenik. Madriletik datozen aginduak betetzera mugatzen da.
Gainera, ebaluazio irizpide eta metodologiaren inguruko zenbait gauza ez daude oraindik argi, eta aurkeztutako planaren barruan klase presentzialen itzuleraren inguruko erabaki irmorik ez da jakinarazi. Beraz, beste behin ere, ziurgabetasunean uzten ditu milaka hezkuntza langile eta familia. ELA-ren ustetan, konfinamendu osoa ezartzea birusaren propagazio edo zabaltzea frenatzeko ezinbesteko neurria izan da eta beste erabaki bat hartu aurretik hezkuntzako langile zein ikasleen osasuna bermatzeko neurriak argi izan behar dira.
Ikasturte amaiera honetan ordezkapenak ez dira normaltasunez betetzen ari eta arrakala digitala eta familiarra konpontzeke dago.
Bestetik, krisi honek agerian utzi duen bezala, ezinbestekoa da zerbitzu publikoak indartzea. Ezohikoa izango den datorren ikasturteari begira, are eta indar gehiagorekin aldarrikatu behar ditugu besteak beste hezkuntza inbertsioa handitzea, plantilak indartzea, ratioak jaistea eta behin-behinekoen egonkortasun erreala ekarriko duen kontsolidazioa. Ikasturte osorako neurri integralak hartu behar dira ezinbestean. Eta noski, guzti hau, estatuko ezarpenetatik aldendu eta bertako beharrei erantzunez eraikitako sistema propioarekin.