EUSKARA

ELAk NUKFko presidenteari galdatzen dio komunikazio arduradunak bi hizkuntza ofizialak jakiteko exijentziari eusteko

2024/07/04
PSNk presioa egin du NUKFko (Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazio) komunikazio arduradunak soilik gaztelania jakin dezan. PSNk inposatu nahi du Nafarroako udalerri guztiek gaztelaniaz jardun behar izatea eurei zerbitzua emateko sortutako erakunde bateko komunikazio arduradunarekin. ELAk exijitzen du euskara ere gobernagarritasun-blokearen parte izatea, eta PSNri babesa emateko, euskaraz bizi eta lan egin nahi duten baina gazteleraz bizitzera derrigortuak diren pertsonen hizkuntza-eskubideak errespetatzea ere, baldintza izan dadila.

PSN-PSOEk errefusatu du Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko komunikazio arduradun lanposturako euskararen ezagutza eskatzea, "baztertzailea" iruditzen zaiela adierazita. Euskararen aldeko apustua Nafarroako "borondatetik eta errealitate soziolinguistikotik" egiten dutela diote, eta ez dutela partekatzen "derrigorrez inposatzea"; NUKFk euskarazko itzultzaile bat baduenez, komunikazio guztiak (idatzizkoak) elebidunak direla eta ez dutela ulertzen komunikazio arduradun lanpostuaren “derrigortasuna".
Bide batez, gogorarazi diote NUKFko presidenteari, bere karguan jarraitzea PSNren botoen menpe dagoela.

PSN-PSOEri gogorarazi nahi diogu, "eremu euskalduna" delakoan 64 udalerri daudela (eta beste 98 "eremu mistoan"), eta NUKFrekin harremanak normaltasun osoz euskaraz izateko eskubidea bermatuta beharko luketela. Horretarako, komunikazio arduradunak ez ezik, lehendakariak eta NUKFko gainerako taldekideek ere euskaraz jakin beharko lukete, gaztelaniaz dakiten bezala.

Baztertzailea, eta "derrigorrezko inposizioa", da udalerri euskaldunak behartzea maila handiagoko Nafarroako erakunderekin harremanak gaztelaniaz izatera, are gehiago NUKFrekin, udalerriok haren zati baitira. Nafarroako borondatezkotasuna eta errealitate soziolinguistikoa errespetatzeko, Nafarroako herritar guztien eta bertako erakundeen hizkuntza-eskubideak errespetatu behar dira, baita herritar eta erakunde euskaldunenak ere.

Horregatik guztiagatik, errespetua eta diskriminazio politikak gelditzea exijitzen dugu.