ELAk ohartarazi du Europako funtsek murrizketa gehiago ekarriko dituztela Nafarroara

2021/02/08
ELAk ohartarazi du Europako funtsek murrizketa gehiago ekarriko dituztela Nafarroara
Imanol Pascual, Sindikatuko Nafarroako koordinatzaileak, onartezintzat jo du Europar Batasunak Europako funtsak jasotzeko murrizketak egitea behartzea. Gainera, funts horiek ez dira behar sozialetara bideratuko, multinazional handiei baizik, eta ingurumenaren aldetik jasangarriak ez diren proiektuak bultzatuko dituzte.

Europako funtsen banaketa arautzen duten irizpideek argi eta garbi zehazten dute, funts horiei heldu ahal izateko, zenbait erreforma aplikatu behar direla, besteak beste, pentsioak, lan-erreformak edo "merkatu-batasuna" delakora bideratutakoak.

Funts horien helburua ez da osasun-, hezkuntza-, zaintza-, gizarte- edo enplegu-politika eskasak finantzatzea, horien gabezia handiak agerian geratu baitira egungo krisian. Aitzitik, onuradunak multinazional handiak izango dira. Nafarroako Gobernua eraldaketa ekologikorako estrategia bat bultzatu nahi dela esaten duen Nafarroa Green programarekin egiten ari den propagandaren aurrean, Europako funtsak Nafarroako Ubidea edo AHT eraikitzeko baliatu nahi dira. Ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik jasanezinak diren obrak, lizitazio publikoen atzean dagoen negoziotik soilik ulertzen direnak, eta, gainera, Nafarroak pairatzen duen despopulazio-arazoan sakonduko dutenak.

Bestalde, eta urtarrilaren 28an Kongresuan onartutako Europako funtsei buruzko Dekretuari dagokionez, ELArentzat albiste txarra da ezkerreko alderdiak dekretu horren alde bozkatzea, eztabaidaren erdigunean funts horiek jasotzeak murrizketa sozial berriak ekarriko dituela adierazi beharrean.

ELAk proposatu du funtsezkoa dela Europako funts horien baldintzazkotasuna ezabatzea eta behar sozialetara bideratzea. Funts horiek sistemaren eraldaketa sozial eta ekologikoa bermatu behar dute, Nafarroako Ubidea edo AHT bezalako proiektuak bertan behera utziz.

Egoera horri aurre egiteko, Sindikatuak uste du ezinbestekoa dela austeritate politikei amaiera ematea eta Nafarroan zerga-erreforma bat egitea, daukagun zerga-sistema bidegabe eta eskasarekin amaitzeko. 2007an zegoen Sozietateen gaineko Zergaren bilketara itzulita (eta BPG % 11 txikiagoa izanik), sei urtean 1.996,2 milioi euro bilduko lirateke, aldi berean funtsetatik irits daitezkeenak baino 461,9 milioi euro gehiago.

 

Irakurri dokumentu osoa