Altsasu, Elizondo, Lizarra, Tafalla eta Zangozako Foruzaingoak egiten dituen alkohol eta droga-probak ez datoz bat indarreko legeekin

2017/11/15
Bide Segurtasuneko Legearen arabera, beharrezkoa da agente horiek trafikoa zaintzeko atazak esleituak izatea, eta baldintza hori ez da betetzen aipaturiko Foruzaingo-etxeetan Departamentuaren erabakirik eza ikusita, ELAk Arartekoarengana jo du

ELA-Foruzaingoa Atal Sindikalean kezkaturik gaude, gure ustez azken bi urteotan indarreko legeria ez baita bete. Izan ere, alkohol/drogak antzemateko probak, geroko batean gidariaren aurka erabili ahal izanen direnak, horretarako gaikuntza ez duten agenteek egin ohi dituzte. Zehazkiago, aipatu nahi ditugun Foruzaingo-etxeak Altsasu, Elizondo, Lizarra, Tafalla eta Zangozakoak dira, haiek guztiak Prebentzio eta Herritarren Arretako Dibisiokoak. Esleiturik dituzten eginkizunak Nafarroako Foruzaingoaren Jardute Arautegia onetsi duen 72/2016 Foru Dekretuan daude ezarrita, eta horien artean ez dago trafikoaren zaintza; baina hori da, hain zuzen, ezinbestez eskatzen den baldintza alkohol/drogak antzemateko probak egin ahal izateko (Bide Segurtasuneko Legea, 06/2015 ELD, 14.2 art.). Proba horietan oinarritzen diren salaketak, eta balizko egozpen edo inputazioak (Bide Segurtasunaren aurkako delituak) akastunak izanen dira ab initio, halakorik egiteko gaitasunik ez duenak egin izanagatik.

ELA-Foruzaingoa Atal Sindikalak, alkohol/drogak probak egiteko ezarrita dagoen protokoloa aldatzeko, egin dituen saiakerak, helegiteak jarriz, ez dituzte ontzat eman, ez hasiera batean Foruzaingoko buruak, ezta kontseilariak berak ere. Azken horrek, 52E/2016 Foru Aginduaren bidez gaitzetsi ditu lehenagoko helegite batez aurkezturiko alegazioak. Hala ere, foru-agindu horren argudioei erreparatuz gero, argi dago Prebentzio eta Herritarren Arretako Dibisioko pertsonalak (aipaturiko komisaldegietako pertsonala dibisio horren pean daude) ez duela legezko gaikuntzarik alkohol/drogak probak egiteko. Hala eta guztiz ere, eragozpen hori ez da aski izan, horrelako probak gaur egun ere egiten jarraitu dezaten.

Departamentuak erabakirik hartu ez duenez, ELAk Arartekoarengana jo du, eta han salaketa eta baita zerbitzu publikoak hobetzeko proposamena ere aurkeztu ditu.