ELAk oso ongi baloratzen du Parlamentuak gaixo larriak diren nafar presoak askatzeko eskaera onartu izana

2017/11/10
ELAk oso balorazio ona egiten du Foru Parlamentuak hartutako erabakiaz, alegia, Parlamentuak gaixo larriak diren nafar presoak askatzeko eskaera onartu izanaz. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin, eta UPNren eta PPNren aurkako botoekin, ondorengo ebazpena onetsi du: “Txosten mediko egiaztatuen arabera gaixotasun larria eta bizi pronostiko laburra edo pairamen sendaezinak dituzten presoen kondenak arrazoi humanitarioengatik berrikusteari buruz indarrean dagoen Estatuko eta nazioarteko legeriaren oinarrizko zioak eta printzipioak sostengatzen ditugu”.

Hau da, Nafarroako gehiengo politiko oso zabalak agertu du bere borondatea dela “gaixotasun larriak dituzten nafar presoak espetxetik kanporatuak izan daitezen, lege indardunei jarraikiz, edo dagozkien neurri aringarriak aplika dakizkien”. ELAren ustez, oso urrats garrantzitsua da normalizazio sozialaren bidean, eta urte luzez Nafarroak pairatu duen biolentzia politikoaren ondorio larrienak murrizteko balekoa dela uste dugu.