ELAk pentsio publikoen defentsan maiatzaren 29rako deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du

2021/05/24
ELA sindikatuak eta LAB, Steilas, esk, , hiru, CGT eta CNTk bat egin dute pentsiodunen mugimenduak maiatzaren 29rako pentsio publikoen alde deitutako mobilizazioekin. Gaur goizean egindako elkarretaratzean, ELAko idazkaria azpimarratu du pentsio publikoen aldeko borroka herritar guztien borroka dela, bai gaur egun pentsiodun direnena, bai lanean ari diren langileena. "Egungo borrokak guztion pentsioak baldintzatuko ditu. Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da maiatzaren 29an kalera irtetea, pentsioak defendatzera ", adierazi du Imanol Pascualek.

Gainera, ohartarazi du Madrilgo gobernua murrizketa berriak prestatzen ari dela pentsio sisteman. "Inork ez du zalantzan jartzen pentsio sistema jomugan dagoela, baita Europatik datozen Next Generation diru funtsen baldintzen artean ere", ziurtatu du. "Erretiro-adina luzatu nahi dute, enplegu-sistema osagarrien eredua zabaldu nahi dute, eta, azken finean, pentsio-sistema publikoa deseraiki nahi dute kapituluz kapitulu iragartzen ari diren neurrien bidez", jarraitu du, eta hori guztia prekarietate handiko eredu sozioekonomiko baten eta pentsio-sistemaren bideragarritasuna zalantzan jartzeko estrategia mediatiko-politiko baten erdian gertatzen ari dela gaineratu du.

Azkenik, Pascualek egoera ez dela erraza onartu ostean, irtenbide bakarra "gure eskubideak defendatzeko borroka egitea" dela esan du, eta maiatzaren 29an pentsio publikoen alde deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du.


Sindikatuen aldarrikapenak

• 2011ko eta 2013ko pentsio-erreformen eta 2010eko eta 2012ko lan-erreformen murrizketak indargabetzea.
• 2021erako iragarritako murrizketa berriak eta pentsioen sistema publikoaren pribatizazioa gaitzestea.
• Gutxienez 1.080 euroko pentsioa eta LGS 1.200 eurokoa.
• Soldaten eta pentsioen arteko arrakala amaitzea. % 100eko ezkontide-pentsioa alarguntza-pensiorako.
• Erretiro aurreratua, 40 urteko kotizazioarekin zigortu gabe, Kongresuan eta Parlamentu Autonomikoetan onartutako legez besteko proposamenen arabera.
• Bizi-baldintza duinak eta pertsonek gure osasuna bermatuko duten osasun-zerbitzu publiko eta soziosanitarioak izateko eskubidea bermatzea.