Hezkuntza

ELAk ratioak jaistea eskatu du Nafarroako Parlamentuan

2023/02/28
ELAk, Hezkuntzako mahai sektorialeko gainerako sindikatuekin batera, Parlamentuko batzorde batean parte hartu du, ikasgeletako ratioen jaitsiera eskatzeko.

Iazko azken hilabeteetan, Hezkuntzako Mahai Sektoriala osatzen duten sindikatuak parlamentuko talde guztiekin bildu ziren, Nafarroako ikastetxe publiko guztietan ratioak jaisteko beharra adierazteko. Parlamentuko talde bakar bat ere ez zen gai horren aurka agertu.

Gaur, mahai sektorialeko sindikatu guztiek Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordean parte hartu dute arrazoi beragatik, eta Parlamentuko atean elkarretaratzea egin dute.

Ratioak jaisteak nabarmen hobetuko luke hezkuntza arretaren kalitatea, eta, gainera, hezkuntza laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleek behar duten hezkuntza pertsonalizatua izatea. Gainera, ikasgelak eta ikastetxeak ixtea saihestuko litzateke, eta plantillen egonkortzean aurrera pausoak emango lirateke.

Sindikatuen proposamena da gehienez 20 ikasle egotea haur eta lehen hezkuntzan, 23 bigarren hezkuntzan, 25 batxilergoan, 15 lanbide heziketan eta 8 oinarrizko lanbide heziketan. Era berean, landa eskoletako maila anitzeko eta etapa anitzeko ikasgeletan ratioak murriztea eskatzen dugu.