HEZKUNTZA NAFARROA

ELAk salatu du Hezkuntza Departamentua berriro ere behin-behinekotasuna betikotzeko erabakiak hartzen ari dela

2023/09/28
EPE prozesuen ondoren plazak ez esleitzea lan eskeintzen helburu nagusiaren kontra doa. PAI plazetan ordea, denak bete zitezen lan egin du Departamentuak.

ELAk salatu nahi du Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren utzikeria dela eta, 15 plaza eman gabe geratu direla merezimendu bidezko prozedura berezian. PAIkoan ordea, behar bezain beste aukera eman dira, denak betetzeko.

Merezimendu lehiaketaren bidez sortutako zerrendetan pertsona asko izan arren plaza horiek hartzeko, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ez die aukerarik eman plaza horiek eskuratzeko. Hau da, plaza horien egonkortzearen aldeko apustua egin beharrean, lanpostu horien zain dauden pertsonen prekarietatearen alde egin du. Honek hezkuntza sistemaren guztiz kalterako den behin-behinekotasuna betikotzen du.

Kontrara, merezimendu prozesu berezian atzerriko hizkuntzetan irakasteko diren plazetan (PAI, PAF, PALE), behar adina aukera eman zaie izangai horiei, plaza hartutako pertsonek uko egin edo eszedentzia bat hartu duten kasuetan. Honek agerian uzten du Departamentu honen apustua PAI bezalako programen aldekoa dela, behin-behinekotasun portzentaia jaisteko ahalegin guztiak eginez, gainontzeko ereduetan ez bezala. Horrela jokatzen du bere adierazpenetan “inongo ereduren alde” egiten ez duela adierazten duen Hezkuntza Departamentuak.

Sindikatutik langileen tratamendu ezberdin hori guztiz gaitzesten dugu. Lan berdinarentzako baldintza berdinak defendatuko ditugu beti, eta Hezkuntza Departamentuari exijitzen diogu berandu baino lehen, zerrendetan dauden pertsona horiei eman gabe geratu diren plaza horiek esleitzea. Hauek dira lanpostu horiek:

MATEMATIKAK Euskaraz 1
MARRAZKETA 1
FRANTSESA Euskaraz 1
MUSIKA Euskaraz 1
TECKNOLOGIA 1
LANEKO PRESTAKUNTZA ETA ORIENTABIDEA 1
ELIKAGAIEN INDUSTRIARAKO PROZESUAK 1
ZURGINTZAKO ETA ALTZARIGINTZAKO PROZESUAK ETA PRODUKTUAK 1
GANBERA-MUSIKA 1
SAXOFOI 1
ELIKAGAIAK ELABORATZEKO ERAGIKETAK ETA TRESNERIA 1
DIAGNOSTIKO KLINIKO ETA ORTOPROTESIKOKO PROZEDURAK 1
INGELESA 1
PEDAGOGIA TERAPEUTIKOA 1
ENTZUMENA ETA HIZKUNTZA 1