ELAk salatu du Hezkuntzak ez diola baimenik ematen Castejongo ikastetxeari PAI-tik ateratzeko

2021/02/13
ELAk babestu egin du Maiatzaren Biko Ikastetxeak aurkeztu duen zuzenketa, eta salatzen du beste behin ere Hezkuntzaren jarrera: baldintzak betetzen ez dituela esatea

Uste genuen bezala, Hezkuntza joan den urteko traba berberak jartzen ari da Castejongo ikastetxeak bere ikasleak PAItik atera ez ditzan. Ikastetxeari leporatu dio ez duela betetzen baldintza hau: "Ikastetxeak programarekin jarraituko duela bermatu beharko du ezarrita dagoen kurtsoetan", eta 10 egun baliodun eman dizkio bere irteera-plana zuzentzeko.

Ikastetxeak bere webgunean jarri du erantzuna, eta PAI LHren 3. mailara arte ezarrita dagoenez, programa barruan daudenen ikasleek ikasturte horretara arte jarraitu beharko dute.

Castejongo hezkuntza-komunitateak araudiak baimentzen duenean askatu nahi ditu ikasleak PAItik, egiaztatu baitu zein kaltegarria den ikasleentzat. Hasieratik uko egin zion masiboki eta zoroki gailentzen zen programa batean sartzeari, baina behartu egin zuten. Urteen poderioz, irakasleek eta familiek egiaztatu dute zituzten errezeloak ondo oinarrituta zeudela, eta atzerriko hizkuntzak ikasteko ez dela beharrezkoa ikasleak kaltetzea gainerako arloetako curriculumak hustuz, ezta haurtzarotik gehiegizko esfortzua egitea ere, ekitatea apurtzen baitu. Iaz ez zieten irteten utzi, eta aurten, bai klaustroaren gehiengoz (% 78,8), bai eskola-kontseiluak aho batez, programatik irteteko eskatu dute berriro, eta zuzendaritza-taldeak erabat justifikatutako eta xehatutako PAItik irteteko plana aurkeztu du.

ELA pozik agertu da Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta Izquierda Ezkerrak ikastetxea hurrengo lan-saiora gonbidatu dutelako, euren egoera, beharrak eta erabakia azal ditzaten.

ELAk Nafarroako hezkuntza-sindikatu guztiak mobilizatzera animatzen ditu, ikastetxe batek PAItik ateratzeko duen eskubidea errespeta dezatela eskatzeko, hainbat autonomia-erkidegotan hainbeste ikastetxek egin duten bezala sindikatuen babesarekin.