OSASUNBIDEA

ELAk salatu du LABek eta UGTk sinatutako akordioa hutsik dagoela, eta ez duela langileen egoera hobetzen

2023/03/21
Bi sindikatuen jarrera EH Bilduren eta PSNrekin autonomia faltagatik baino ez da azaltzen LABek eta UGTk greba baino 48 ordu lehenago sinatu dutenez, egun arrakastatsu batek Osasunbidea benetako hobekuntzak eskaintzera behartzea saihestu dute LABek, greba bertan behera utzi duenez, beste sindikatuei ez die greba egiten utziko; ELAk, CCOOrekin eta SAErekin batera, greba egun berriak egitea aztertuko du

ELAk salatu du Osasunbidearen, LABen eta UGTren arteko akordioa hutsik dagoela, eta ez dakarrela inolako hobekuntzarik langileen baldintzetan. Dokumentu zehaztugabea eta orokortasunez betea da, eta ez du Osasunbidea inola ere konprometitzen.

- Karrera profesionala: haren ezarpena aurrekontu nahikoa egotearen araberakoa izango dela, eta hortik aurrera Osasunbidearen konpromiso bakarrak honako hauek dira: testu-zirriborro bat eztabaidatzea, 2024ko aurrekontuetan esleipen bat proposatzea eta foru-legearen zirriborro bat bidaltzea.

- Mailak birkokatzea: Mahai Orokorrean aztertuko dela adostu da.

- Plantilla eta lan-kargak antolatzea eta dimentsionatzea: lantalde bat sortzea adostu da.

- Esklusibotasun-osagarria: indarrean dagoen araudiari eusten zaio, eta azpitalde bat eratzea erabaki da.

- Lehen Mailako Arretan egiteke dauden erronken parte-hartzea: Mahai Sektorialean parte-hartze aktiboa izatea bermatzen da.

Nafarroako Gobernuak (PSN, Geroa Bai eta Podemos) eta EH Bilduk pasa den ostegunean bi lege-proposamen onartzeko egindako ituna izan zen LABekin eta UGTrekin egindako akordioaren aurrekoa. Parlamentuko eta sindikatuetako akordioen sekuentzia horrek agerian uzten du LABen eta UGTren jarduna EH Bildurekiko eta PSNrekiko autonomia faltak baldintzatu duela. Horren ondorioz, akordio huts bat sinatu dute, Osasunbideko langileentzako hobekuntzarik ekarriko ez duena, eta grebarako 48 ordura egin dute. Inoiz baino gehiago, agerian geratzen da sindikatuak alderdi politikoekiko independenteak izateko beharra.

ELAk oso larritzat jo du LABek, akordioa sinatzeaz gain, greba bertan behera uztea erabaki izana, sinatu ez duten sindikatuei greba egitea galarazteko asmoz. Horregatik, ELAk, greba batzordea osatzen duten sindikatu ez sinatzaileekin batera (SAE eta CCOO), akordioaren aurkako protestak martxoaren 23an bertan egiteko aukera aztertuko du, eta greba egun gehiago proposatuko ditu.