GREBA FEMINISTA OROKORRA

Emakumeen kontura eraikitako zaintza sistema pribatizatua eta prekarizatua salatu du ELAk

2023/11/16
ELAk bizikleta martxa antolatu du Greba Feminista Orokorrera bidean, zaintza sistema eraldatu behar dela aldarrikatzeko. Ibilbidean zehar, Gizarte Zerbitzuen Departamentuaren, CEN patronalaren egoitzaren eta Nafarroako Berdintasun Institutuaren aurrean egin dute protesta.

Azaroaren 30erako Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako Greba Feminista Orokorrera begira, bizikleta martxa baten bitartez ELAk salatu du zaintza alorreko genero arrakalaren arrazoi politikoak. Gizarte Zerbitzuen Departamentuaren aurrean Nafarroako egoitzen lehen hitzarmena aldarrikatu du, CEN patronalaren aurrean Ehungintzako Merkataritzaren Hitzarmenaren desblokeatzea eta Nafarroako Berditasun Institutuaren aurrean Nafarroako Gobernua interpelatu du zaintza sistema feminizatu, prekarizatu eta pribatizatuaren erantzule gisa.

Izan ere, zaintza sistema desberdintasunetan oinarritzen da. Hona hemen Nafarroako datu batzuk:

  • Emakumeak dira oro har adingabeak, adinekoak edo desgaitasunen bat duten pertsonak zaintzen dituztenak. 2022an, emakumeek seme alabak zaintzeko eszedentzien % 86,3a hartu zituzten, eta senideak zaintzeko eszedentzien % 75,9a.

  • Ordaindutako zaintza lanen zati handi bat etxeko langileek egiten dute. Neurri handi batean abusu egoerak pairatzen dituzten emakume migratuak dira. Nafarroan 6.615 emakume (eta 227 gizon) daude Gizarte Segurantzan afiliatuta erregimen horretan.

  • 18 puntuko aldea dago emakumeen eta gizonen artean sukaldeko zereginetan eta etxeko beste zeregin batzuetan parte hartzeari dagokionez.

  • Soldata arrakala ia 500 eurokoa da hilean Nafarroako Errealitate Sozialaren Behatokiaren hileko batez besteko soldata gordinaren datuen arabera. Emakumeek zaintza lanen proportzio handiagoa beren gain hartzeko arrazoietako bat da emakumeek lan ordaindua izateari uztea "merkeago" ateratzen dela, diru sarreren galera txikiagoa delako eszedentzia edo lanaldi murrizketa hartzeko orduan gutxiago irabazten dutelako, soldata arrakalak erakusten duen moduan.

  • Nafarroako Gobernuaren arabera, zerbitzu guztiek (publikoek zein pribatuek) 10.086 mendekotasuna duten pertsona artatu zituzten 2021ean, mendekotasun aitortua duten pertsona kopurua 50.000koa izanik. Kontuan izan behar da 10.000 pertsona horien artean daudela, adibidez, 2.700 larrialdietako telefono zerbitzua dutenak. 2021ean, etxeko arreta zerbitzua 945 pertsonek baino ez zuten jaso.

  • Nafarroan adinekoentzako 72 egoitza daude, eta horietatik bi baino ez dira publikoak, 6.000 egoiliar artatzen dituena. Plazen erdiak baino ez dira      itunduak. Beraz, 3.000 egoiliar daude gastu osoa ordaindu behar dutenak. Sektore horretan 4.000 pertsona inguruk egiten dute lan, gehienak            emakumeak, eta beren lan baldintzak hobetuko dituen egoitzen lehen hitzarmenaren alde borrokan ari dira. Sektore horretako lan baldintzak guztiz    prekarioak dira: 1.000 euroko soldatak eta 1.792 lanordu urtean.

ELAk salatu du putre funtsek egoitzak kudeatzen aritzeko aukera ematen ari dela Nafarroako Gobernua, onura ekonomikoa zerbitzuaren kalitatearen aurretik jartzen. Gobernuak esku hartu beharko luke Nafarroako egoitzen lehen hitzarmena lortzeko, diru publiko asko jasotzen duen sektore batean duen erantzukizuna bere gain hartuz. ELAk zaintza publikoko sistema bat defendatzen du; Pribatizatutako eta azpikontratatutako zerbitzuak publifikatu, dauden zerbitzuak handitu eta ratioak handitu.