Udaltzain faltak Burlatako Herritarren Arretarako Bulegoaren itxiera eragin duela salatu du ELAk

2017/09/06
Udaltzain faltak Burlatako Herritarren Arretarako Bulegoa ixteko arriskua eragin duela salatu du ELAk. Horren ondorioz, herritarren salaketak beste polizia-kidego batzuetara bideratu behar izan dira eta sorospen-deiak erantzun gabe geratu dira.

ELAk salatu duenez, udaltzaingoaren plantilla organikoaren murrizketak, batetik, eta pertsonalaren bajak, bestetik, Herritarren Arretarako Bulegoaren itxiera eragin dute. Horrek ondorioak izan ditu: uztaila eta abuztuan zehar, 60 txandatan baino gehiagotan, telefono finkora egindako sorospen- eta larrialdi-deiak erantzun gabe geratu dira (horixe izan da azken 25 urteetan herritarrentzako ohiko telefono-zenbakia). Gainera, 60 txanda horietan udaletxea zaintzailerik gabe egon da.

Udalak pertsonala murrizteko hartutako erabaki horren ondorioz, zerbitzu txarragoa ematen zaie herritarrei. Hori dela eta, gabezia horretatik eratorritako eragozpenak salatzera eta erregistratzera gonbidatzen ditugu auzokide guztiak.

Sindikatua oso kritiko agertzen da, orobat, udaltzain laguntzaileen kontratazioarekiko. Izan ere, urtebeterako kontratatu zituzten, plaza horiek plantilla organikoan eskaintzeko konpromisoarekin; baina 6 urtez baino gehiagoz eman dute udaltzain-postuak betetzen eta hasieran bezala darraite.

Laneko txandak banatzeko gaia ere aipatu beharrekoa da. Txandak inolako irizpiderik gabe banatzen dira, alde bakarretik ezarriz (udaltzaingoko burutzatik). Ez da kontuan hartzen txanda berean 2 laguntzaile eta agente edo kaporal bat dauden, edo beste batzuetan 2 kaporal edo laguntzaile bat eta agente edo kaporal bat. Gure ustez antolamendu-arazo handi bat dago udal-sail horretan, eta azkenean kaltetu nagusiak herritarrak izaten dira.