ELAk Hezkuntza Departamentuak egonkortze legea PAI programa kronifikatzeko soilik erabiltzea salatu du

2022/10/28
Irakasleen erdiak baino gehiagok aldi baterakoa izaten jarraituko du egonkortze-prozesuaren ondoren.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuen deialdien zirriborroak aurkeztu dizkie gaur Mahai Sektorialeko sindikatuei. Udaberrian plazen eskaintza aurkeztu zenean ezagutzen genuena egiaztatu ahal izan dugu gaurkoan.

Hau da, Hezkuntza Departamentuak, Legeak baimentzen dizkionak baino askoz plaza gutxiago egonkortuko ditu. Argi dago Hezkuntza Departamentuak behin-behinekotasuna %50etik gora jarraitzeko borondate politikoa duela edo, bestela esanda, langileen erdia baino gehiago prekarietatean mantendu nahi dituela.

ELAk berriro ere deitoratu du Departamentuak 766 irakasle bakarrik egonkortu nahi izatea; izan ere, Comptos Ganberaren azken txostenaren arabera, Hezkuntzako aldi baterako langileak % 54 dira, eta 4.300 lanpostu inguru eskaintzen dira ikasturte osoko irakasleentzat urtero behin behineko kontratuak eginez. Datuek erakusten dute Nafarroako Gobernuak ETTrik handiena izaten jarraitzearen alde egiten duela. Sistematikoki, gehiegikeriaz eta iruzurraren bitartez, aldi baterako enplegua egiturazko lanpostuak betetzeko aldeko apustua egiten jarraitzen du.

Gaur izandako bileran argi geratu da, alde batetik, Hezkuntzak PAIa endemizatzeko duen nahia, eskainitako plazen ia erdiak biltzen baititu programa honek, eta, bestetik, Nafarroako administrazioan lan egin izana ez baloratzeko erabakia, Nafarroako Gobernuaren gainerako egonkortze-prozesuetan ez bezala.

ELAk Hezkuntza Departamentuari eskatu dio Hezkuntzan dituen eskumenak gauza ditzala Nafarroan pertsonen bizitza hobetzeko eta ez gure gizartearen interes orokorrarekin zerikusirik ez duten helburu alderdikoiak lortzeko. Sindikatu honen ustez, Departamentuaren lehentasuna ahalik eta irakasle gehien kontsolidatzea izan beharko litzateke, eta, horrela, behin-behinekotasuna nabarmen murriztea, prekarietatearekin amaitzeko.